//
irakurtzen ari zara....

Eliza katolikoa

Dei Verbum dokumentua euskaraz.

PAULO APEZPIKUAK
JAINKOAREN ZERBITZARIEN ZERBITZARIAK KONTZILIOKO GURASOEKIN BATERA  BETIKO OROIGARRITZAT
Jainkoaren errebelazioari buruzko konstituzio dogmatikoa
SARRERA
1 Jainkoaren hitza debozioz entzun eta leialki aldarrikatuz, Sinodo santuak, bere egiten ditu Joanen hitz hauek: «Aitarekin zegoen eta guri agertu zitzaigun betiko bizia iragartzen dizuegu. Ikusi eta entzun duguna dizuegu zuei ere iragartzen, zuek ere gurekin elkartasunean bizi zaitezten. Eta gure elkartasuna Aitarekin eta honen seme JesuKristorekin da» (1 Jn 1, 2-3). Horrela, Trentoko eta Vatikanoko I. Kontzilioen oinatzei jarraituz, Jainkoaren errebelazioaz eta honen transmisioaz doktrina jatorra proposatu nahi du, mundu osoak, salbamen-iragarpenaren bidez, entzunez sinets dezan, sinetsiz itxaron, eta itxaronez maitatu.

I. KAPITULUA
Errebelazioa bera
[Errebelazioaren izaera eta xedea]
2 Jainkoak, bere ontasun eta jakinduriaz, bere burua agertzea eta bere nahiaren misterioa ezagutaraztea nahi izan zuen (ik. Ef 1, 9). Horren arabera, gizon-emakumeak, Kristo gizon egindako Hitzaren bidez eta Espiritu Santuarengan, Aitarenganaino iristen dira eta Jainkoaren izaeraren partaide bihurtzen (ik. Ef 2, 18; 2 P 1,4). Errebelazio honetan, Jainko ikusezina (ik. Kol 1, 15; 1 Tm 1, 17), bere maitasun handiak eraginda, adiskideei bezala mintzo zaie gizakiei (ik. Ir 33, 11; Jn 15, 14-15) eta beraiekin tratatzen du (ik. Ba 3, 38), haiei bere elkartasunera dei egiteko eta haiek bertan hartzeko. Errebelazio-asmo hau, beren artean barne-lotura duten egitez eta hitzez gauzatzen da; honela, Jainkoak salbamen-historian egiten dituen ekintzek, hitzek adierazten dituzten doktrina eta errealitateak azaltzen eta berresten dituzte; hitzek, berriz, ekintzak aldarrikatzen dituzte eta haietan gordetzen den misterioa argitzen. Errebelazio honek adierazten duen Jainkoaren eta gizakiaren salbamenaren egia sakona, berriz, Kristorengan jartzen zaigu agerian, era berean errebelazio ororen bitarteko eta osotasun den Kristorengan.

[Ebanjelioko errebelazioaren prestaera]
3 Jainkoak, bere Hitzaz gauza guztiak eginez eta izatean mantenduz (ik. Jn 1, 3), gizakiei etengabe ematen die bere buruaren lekukotasuna sorkarietan (ik. Erm 1, 19-20); gainera, goiko salbamen-bidea ireki nahirik, hasieratik azaldu zien bere burua lehen gurasoei. Haiek erori ondoren, berrerospenaren agintzariaz, salbamen itxaropenera jaso zituen
(ik. Has 3, 15); eta etengabe arduratu zen gizadiaz, egintza onetan iraunez salbamena bilatzen duten guztiei betiko bizitza emateko (ik.Erm 2, 6-7). Garaia iritsi zenean, dei egin zion Abrahami, herri handi baten guraso egiteko (ik. Has 12, 2-3). Patriarken aroaren ondoren, Moisesen eta profeten bidez eskolatu zuen herria, Bera Jainko bakar eta egiazkotzat, Aita arduratsu eta epaile zuzentzat aitor zezan; eta aurrez agindutako Salbatzailearen itxaropenean bizi zedin. Horrela, mendez mende, Ebanjelioaren bidea prestatuz joan zen.

[Kristo, errebelazioaren gailurra]
4 Jainkoak, profeten bidez askotan eta era askotara hitz egin ondoren, «azken egun hauetan, bere Semearen bidez hitz egin digu» (Heb 1, 1-2). Izan ere, bere Semea, hots, gizaki guztiei argi egiten dien betiko Hitza, bidali zuen, gizakien artean bizi zedin eta Jainkoaren barruko bizitzaren berri eman ziezaien (ik. Jn 1, 1-18). Jesu Kristok, bada, gizon eginiko Hitzak, «gizon-emakumeengana bidalitako gizasemeak», «Jainkoaren hitzak esaten ditu» (Jn 3, 34), eta Aitak gomendatu zion salbamen-egintza burutzen du (ik. Jn 5, 36; 17, 4). Horregatik, JesuKristok —berau ikusten duenak Aita ikusten baitu (ik. Jn 14, 9)—, bere guztizko presentziaz eta agerpen pertsonalaz,-bere hitzez eta egintzez, bere ezaugarriez eta mirariez, eta batez ere bere heriotzaz, hilen artetiko piztuera aintzatsuaz eta egiaren Espiritua bidaliz, bere betera eramaten du errebelazioa eta jainkozko lekukotasunez berresten du Jainkoa gurekin dagoela, gu bekatuaren ilunpetatik eta heriotzatik askatzeko eta betiko bizitzara pizteko.

Kristau-ekonomia, itun berri eta behin betikoa denez gero, ez da inoiz ere igaroko, eta ez da itxaron behar beste ageriko errebelaziorik Jesu Kristo gure Jaunaren agerkunde aintzatsuaren aurretik (ik. 1 Tm 6, 14 eta Tt2, 13).

[Errebelazioa fedez jaso behar da]
5 Jainkoari, errebelatzean, fedezko obedientzia (ik. Erm 16, 26; erk. Erm 1, 5; 2 Ko 10, 5-6) eskaini behar dio gizakiak; horren bidez, bere burua oso-osoan eta libreki ematen dio gizakiak Jainkoari, «errebelatzen den Jainkoari bere adimenaren eta nahimenaren erabateko eskaintza» eginez eta Hark errebelatzen duenari gogo onez baietza emanez. Fedezko erantzun hau eman ahal izateko, aurre hartzen duen eta lagun izaten den Jainkoaren grazia behar da, bihotza ukitu, Jainkoagana zuzendu, espirituaren begiak ireki eta «egia onartzearen eta sinestearen gozoa guztiei» ematen dien Espiritu Santuaren barneko laguntzaz batera. Eta gizakiak errebelazioa gero eta sakonago uler dezan, Espiritu Santuak berak etengabe sendotzen du fedea bere dohainez.

[Errebelatutako egiak]
6 Errebelazioaren bidez Jainkoak bere burua eta gizon-emakumeak salbatzeko bere nahiaren betidaniko erabakia azaltzea eta jakinaraztea nahi izan zuen, «giza adimena guztiz gainditzen duten jainkozko ondasunen erdikide bihur zitezen».
Sinodo santuak aitortzen du, «Jainkoa, gauza guztien hasiera eta helburua, ezagut daitekeela egiaz, berezko giza arrazoiaren eta sorkarien bidez» (ik. Erm 1, 20); baina irakasten du halaber, «giza adimenarentzat berez ulertezinak ez diren jainkozko errealitateak ere, gizadiaren oraingo egoeran, haren errebelazioari esker bakarrik ezagut ditzaketela guztiek erraz, ziurtasun osoz eta inolako okerrik gabe».

II. KAPITULUA
Jainkoaren errebelazioaren transmisioa
[Apostoluak eta hauen ondorengoak Ebanjelioaren helarazleak]
7 Jainkoak herri guztien salbamenerako errebelatu zuena, betiko oso-osorik gorde zedila eta gizaldi guztiei helaraz zekiela erabaki zuen ontasun handiz. Horregatik Kristo Jaunak, Jainko gorenaren errebelazio oro harengan burutzen baita (ik. 2 Ko 1, 20 eta 3, 16-4, 6), Ebanjelioa gizon-emakume guztiei predikatzeko agindu zien apostoluei, horretarako jainkozko dohainak emanez. Ebanjelio hori, aurrez profetek iragarri zutena, Kristok berak bete eta bere ahoz aldarrikatu zuen, egia salbatzaile eta portaera-arau ororen iturri bezala. Agindua leialki bete zen, alde batetik, apostoluek beren ahozko predikuaz, beren etsenpluez eta erakundeez, nahiz Kristoren ahotik, hizketaldietatik eta egintzetatik jaso zutena, nahiz Espiritu Santuaren inspirazioz ikasi zutena, helarazi zutelako; eta, bestetik, apostoluek berek eta haien garaiko beste batzuek, Espiritu Santuaren inspirazioz, idatziz jaso zutelako salbamen-mezua.
Baina Ebanjelio hau Elizan beti osorik eta bizi gorde zedin, apostoluek apezpikuak utzi zituzten oinordeko, hauei «beren kargua emanez maisutzan». Beraz, Tradizio santu hau eta bi Itunetako Eskritura Santua ispilu bat bezala dira munduan erromes dabilen Elizarentzat, bertan Jainkoa ikusten duen ispilu bat bezala; Beronengandik jasotzen du guztia, bera den bezala aurrez aurre ikustera iritsiko den arte (ik. 1 Jn 3, 2).

[Tradizio santuan]
8 Horrela, bada, apostoluen predikua, liburu inspiratuetan bereziki adierazten dena, etengabeko transmisioz gorde behar zen garaien amaiera arte.
Horregatik, apostoluek, berek ere hartu zutena transmititzean, hitzez nahiz gutunez ikasitako tradizioak gordetzeko aholkatzen diete fededunei (ik. 2 Ts 2, 15) eta behin betiko eman zaien fedearen alde borrokatzeko (ik. Ju 3). Apostoluek helarazi zutenak, berriz, Jainkoaren Herriak biziera santua egiteko eta fedean hazteko beharrezko den guztia biltzen du; honela Elizak betikotu egiten du bere irakatsian, bizitzan eta kultuan, bera den eta sinesten duen guztia eta belaunaldi guztiei transmititzen die.
Apostoluengandik datorren Tradizio honek aurrera egiten du Elizan Espiritu Santuaren laguntzaz, haziz baitoa helarazitako gauzen nahiz hitzen ulermenean, bai horiek beren bihotzean hausnartzen dituzten (ik. Lk 2, 19 eta 51) fededunen kontenplazio eta ikasketaren bidez, bai esperientziaz lortzen duten gauza espiritualen barne-ulermenaren bidez, bai gotzain-oinordetzarekin egiaren dohain ziurra jaso zuten haien aldarrikatzearen bidez. Elizak, bada, mendeetan zehar egia beterantz jotzen du etengabe, Jainkoaren hitzak harengan guztiz bete daitezen arte.
Eliz Guraso santuen hitzek Tradizio honen presentzia biziaren testigantza egiten dute. Tradizio horren aberastasunak, sinesten eta otoitz egiten duen Elizaren jarduera eta bizitzara isurtzen dira. Tradizioak berak ezagutarazten dio Elizari liburu santuen kanona eta Eskritura Santua bera haren baitan ulertzen da sakonago eta eragingarri mantentzen etengabe. Honela, antzina mintzatu zen Jainkoa, etenik gabe mintzo da bere Seme maitearen Emaztearekin; eta Espiritu Santuak —beronen eraginez entzuten baita Elizan, eta Elizaren bidez munduan, Ebanjelioaren ahots bizia— egia osora daramatza fededunak eta oparo biziarazten du haiengan Kristoren hitza (ik. Kol 3, 16).

[Tradizioaren eta Eskritura Santuaren arteko erlazioa]
9 Tradizioa eta Eskritura Santua, bada, estu-estu loturik eta elkar osatzen dutela daude; izan ere, biak jainkozko iturburu beretik sortzen direla, batean biltzen dira eta helburu bererantz zuzentzen. Izan ere, Eskritura Santua Jainkoaren hitza da, Espiritu Santuaren inspirazioz idatziz jarria; eta Tradizio santuak oso-osorik transmititzen die apostoluen ondorengoei Kristo Jaunak eta Espiritu Santuak apostoluen esku utzi zuten Jainkoaren hitza, haiek, egiaren Espirituak argi eginda, beren predikuan leialki gorde, azaldu eta zabal dezaten; horregatik, Elizak ez du Eskritura Santutik soilik ateratzen errebelatutako guztiaren ziurtasuna. Beraz, bata eta bestea maitasun eta begirune berdinez hartu eta beneratu behar dira.

[Eskritura, Tradizioa eta Maisutza]
10 Tradizio Santuak eta Eskritura Santuak Jainkoaren hitzaren gordailu bakarra osatzen dute, Elizaren esku utzia. Gordailu horri atxikita, kristau-herri osoak, beren artzainekin bat eginik, apostoluen doktrinan eta elkartasunean, ogi-zatitzean eta otoitzean (ik. Eg 2, 42 gr.) irauten du beti, eta honela, artzainek eta fededunek estu hartzen dute elkar, helarazitako fedea gorde, praktikatu eta aitortzeko zereginean. Baina Jainkoaren hitza, idatzia nahiz tradiziozkoa, benetan interpretatzeko zeregina, Elizaren Maisutza biziari eman zaio soilik; honek Jesu Kristoren izenean betetzen du bere aginpidea. Baina Maisutza hau ez dago Jainkoaren hitzaren gainetik, beronen zerbitzura baizik: helarazi zaiona besterik ez du irakasten, hura baitu, Jainkoaren aginduz eta Espiritu Santuaren laguntzaz, debozioz entzuten, santuki gordetzen eta leialki azaltzen; eta fedearen gordailu bakar honetatik ateratzen baitu, Jainkoak errebelatutzat eta sinetsi beharrekotzat proposatzen duen guztia.
Argi eta garbi dago, beraz, Tradizio santua, Eskritura Santua eta Elizaren Maisutza, Jainkoaren asmo guztiz jakintsuaren arabera, hartaraino daudela elkarturik eta loturik, non haietarik batek ezin baitezake iraun besteek iraun gabe; eta guztiek batera, bakoitzak bere erara, Espiritu Santuaren beraren eraginpean, arimen salbamenerako biziki laguntzen dute.

III. KAPITULUA
Jainkoaren inspirazioa eta Eskritura Santuaren interpretazioa
[Inspirazioa eta Eskrituraren egia]
11 Eskritura Santuak biltzen eta azaltzen dituen Jainkoaren errebelazioak, Espiritu Santuaren inspirazioz izan dira idatziak. Eliza Ama santuak, apostoluengandik datorkion fedez, sakratu eta kanonikotzat ditu Itun Zaharreko nahiz Itun Berriko liburu osoak beren atal guztiekin: Espiritu Santuaren inspirazioz idatziak (ik. Jn 20, 31; 2 Tm 3, 16; 2 P 1,
19-21; 3, 15-16), Jainkoa dute egile eta halakotzat eman zaizkio Elizari berari. Liburu santuak eratzerakoan, berriz, Jainkoak gizakiak aukeratu eta erabili zituen, haiek beren ahalmen eta gaitasunez baliatu zirelarik; honela, Jainkoak haiengan eta haien bidez jardun zuenez gero, egiazko egile bezala Hark nahi zuen guztia eta nahi zuena soilik idatzi zuten.
Egile inspiratu edo hagiografoek adierazten dutena Espiritu Santuak adierazitakotzat hartu behar denez gero, aitortu behar da Eskritura Santuko liburuek, tinko, leial eta okerrik gabe irakasten dutela Jainkoak gure salbamenerako Liburu Santuetan ezarri nahi izan zuen egia. Beraz, «Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria; horrela, Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest» (2Tm 3, 16-17 gr.).

[Nola interpretatu behar den Eskritura Santua]
12 Jainkoa gizakien bidez eta giza erara mintzo da Eskritura Santuan; horregatik, Eskritura Santuaren interpreteak, Hark jakinarazi nahi izan diguna ezagutu ahal izateko, arretaz aztertu behar ditu idazle santuek egiaz adierazi nahi zutena eta haien hitzez Jainkoak agertu nahi zuena.
Idazle santuen asmoa jakiteko, besteak beste, genero literarioak hartu behar dira kontuan. Izan ere, egia era ezberdinetan proposatzen eta adierazten da mota bateko eta besteko testuetan: historikoetan dela, profetikoetan dela, poetikoetan dela, edo bestelako hitz egiteko moldeetan dela. Horregatik, beharrezko da interpreteak aztertzea idazle santuak testuinguru jakin batean, bere garai eta kulturaren arabera eta aro hartako genero literarioen bidez, adierazi nahi izan zuenaren eta adierazi zuenaren esanahia. Idazle santuak bere idatzian adierazi nahi izan zuena zuzen ulertzeko, oso kontuan izan behar dira bai idazle santuaren garaietan indarrean zeuden pentsatzeko, esateko eta kontatzeko moduak,
bai garai hartan gizakien ohiko harremanetan erabiltzen ziren esamoldeak. Baina, Eskritura Santua idatzi zen Espiritu berberaz irakurri eta interpretatu behar denez gero, testu sakratuen esanahi zuzena aurkitzeko, ez zaie arreta txikiagoz erreparatu behar Eskritura osoaren edukiari eta batasunari, horretarako Eliza osoaren Tradizio bizia eta fedearen analogia kontuan hartuz. Exegetei dagokie arau hauek beren lanean aplikatzea, Eskritura Santuaren esanahia sakonago ulertu eta azaltzeko, aurretiko ikerketa horren bidez Elizaren iritzia helduz joan dadin. Izan ere, Eskrituraren interpretazioaz esan den guztia, azken finean Elizaren erabakiaren mende dago, hark baitu Jainkoaren hitza gorde eta interpretatzeko jainkozko agindu eta ministerioa.

[Jainkoa guregana moldatzea]
13 Eskritura Santuan, beraz, betiko Jakinduria «guregana moldatze» miragarria agertzen da —betiere Jainkoaren egiari eta santutasunari ezer kendu gabe—, «haren onberatasun esanezinekoa ikas dezagun eta zenbateraino moldatu duen bere hizkera, gure izaeraren kontua eta ardura izanez». Jainkoaren hitzak, bada, giza hizkuntzetan adieraziak, giza hizkeraren antzeko bihurtzen dira, Aita Betikoaren Hitza, giza gorputz argala hartuz, gizakien antzeko egin zen bezala.

IV. KAPITULUA
Itun Zaharra
[Salbamen-historia Itun Zaharrean]
14 Maitasun handiko Jainkoak gizadi osoaren salbamena arretatsu bilatuz eta prestatuz, herri bat hautatu zuen beretzat begiramen bereziz, honen gain bere agintzariak uzteko. Lehenik Abrahamekin egin zuen ituna (ik. Has 15, 18) eta ondoren Israel herriarekin Moisesen bidez (ik. Ir 24, 8); eta honela, Jainko egiazko eta bizitzat errebelatu zitzaion hitzez eta egitez beretzat aukeratu zuen herriari, eta Israelek esperientziaz ezagutu zituen zeintzuk ziren Jainkoak gizakiekin jokatzeko zituen erak; eta Jainkoak profeten bidez hitz egitean, egunetik egunera sakonago eta argiago ulertu zituen eta haien berri zabal eman zuen herrien artean (ik. Sal 21, 28-29; 95, 1-3; Is 2, 2, 1-4; Jr 3, 17). Idazle santuek iragartzen, kontatzen eta azaltzen duten salbamen-ekonomia Jainkoaren egiazko hitz bezala emana dago Itun Zaharreko liburuetan; horregatik, Jainkoak inspiratutako liburu hauek betiko balioa dute: «Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eramanpenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun» (Erm 15, 4).

[Itun Zaharraren garrantzia]
15 Itun Zaharreko ekonomia, guztien berrerosle den Kristoren eta Erreinu mesianikoaren etorrera prestatzera, hura profezia gisa iragartzera (ik. Lk 24, 44; Jn 5, 39; 1 P 1, 10) eta irudi ezberdinez adieraztera zuzendua zegoen (ik. 1 Ko 10, 11). Itun Zaharreko liburuek, Kristok ezarritako salbamenaren aurreko garaietako gizadiaren egoeraren arabera, Jainkoaren eta gizakiaren ezaguera eta Jainko zuzen eta errukitsuak gizakiekin jarduteko dituen moduak agertzen dizkiete guztiei. Liburu hauek, gauza ez-perfektuak eta iragankorrak dituzten arren, Jainkoaren egiazko pedagogia agertzen digute. Beraz, liburu hauek debozioz hartu behar dituzte kristauek; izan ere, Jainkoaren zentzu bizia adierazten dute, Jainkoaz irakaspen bikainak eta gizakiaren bizitzaz jakinduria salbagarria eta otoitz-altxor miragarriak biltzen dituzte eta, azkenik, horietan gorderik dago gure salbamenaren misterioa.

[Bi Itunen arteko batasuna]
16 Jainkoak, bada, bi Itunetako liburuen inspiratzaile eta egileak, hain jakintsuki atondu zuen dena, non Itun Berria gorderik baitago Zaharrean eta Zaharra Berrian agerturik. Izan ere, Kristok Itun Berria bere odolaz ezarri bazuen ere (ik. Lk 22, 20; 1 Ko 11, 25), Itun Zaharreko liburuek, Ebanjelioaren predikuan osorik jasoak, Itun Berrian lortzen eta erakusten dute beren esanahi betea (ik. Mt 5, 17; Lk 24, 27; Erm 16, 25-26; 2 Ko 3, 14-16), eta aldi berean Itun Berria argitzen eta azaltzen dute.

V. KAPITULUA
Itun Berria
[Itun Berriaren bikaintasuna]
17 Jainkoaren hitza, sinesten duenarentzat Jainkoaren indarra (ik.Erm 1, 16), modu guztiz berezian aurkitzen da Itun Berriko idazkietan eta bere indarra erakusten du. Garaia betea zenean (ik. Ga 4, 4), Hitza gizon egin zen eta gure artean jarri bizitzen, graziaz eta egiaz beterik (ik. Jn 1, 14). Kristok Jainkoaren erreinua ezarri zuen munduan, egitez eta hitzez azaldu zituen bere Aita eta bere burua, eta hilez, berpiztuz, aintzaz zerura igoz eta Espiritu Santua bidaliz, bere egitekoa burutu zuen. Lurretik jasoa izanik, beregana erakartzen ditu guztiak (ik. Jn 12, 32 gr.), bera baita betiko bizitzako hitzak dituen bakarra (ik. Jn 6, 68). Misterio hau ez zitzaien iraganeko gizaldiei agertu, orain Espiritu Santuaren bidez Kristoren apostolu santuei eta profetei errebelatu zaien bezala (ik. Ef 3, 4-6 gr.), Ebanjelioa predikatu, Jesus Mesias eta Jaunagan fedea piztu, eta Eliza bil dezaten. Honetaz guztiaz betiko eta jainkozko lekukotasuna ematen dute Itun
Berriko idazkiek.

[Ebanjelioen jatorri apostolikoa]
18 Ez da inorentzat ezezaguna, Eskritura guztien artean, Itun Berrikoak ere barne, Ebanjelioei dagokiela arrazoi osoz tokirik garrantzitsuena, gizon egindako Hitzaren, gure Salbatzailearen, bizitzaren eta doktrinaren lekukotasun nagusia baitira. Elizak beti eta alde guztietan aitortu du, lau Ebanjelioak apostoluengan dutela jatorria. Izan ere, apostoluek Kristoren aginduz predikatu zutena, gero, Espiritu Santuaren inspirazioz, beraiek eta beren belaunaldiko beste batzuek idatziz jarri eta guri helarazi ziguten fedearen oinarritzat: hau da, Ebanjelioa lau moldetan, Mateoren, Markosen, Lukasen eta Joanen arabera.

[Ebanjelioen izaera historikoa]
19 Eliza Ama santuak irmoki eta etengabe aitortu izan du eta aitortzen du, aipaturiko lau Ebanjelioek, hauen historikotasuna zalantzarik gabe baieztatzen baitu, leialki kontatzen dutela Jesus Jainkoaren Semeak, gizakien artean biziz, haien salbamenerako egiaz egin eta irakatsi zuena, zerura jasoa izan zen eguna arte (ik. Eg 1, 1-2). Apostoluek, Jaunaren igokundearen ondoren, Kristoren gertaera aintzatsuez eta egiaren Espirituaren argiz eskolatuak, ulermen beteagoz eman zizkieten entzuleei Hark esan eta egin zituenak. Idazle santuek, berriz, lau Ebanjelioak idatzi zituzten, ahozko edo ordurako idatziz jarriak zeuden tradizio ugarien artean hautatuz, batzuk laburbilduz edo Elizen egoeraren arabera egokituz, eta azken batean aldarrikapenaren estiloa mantenduz; horrela, Jesusi buruzko egiazko informazioa, informazio zintzoa eman ziguten beti34. Beren oroipenetik eta gogoan zutenetik, nahiz «lehenengotik hura ikusi zuten eta hitzaren ministro izan zirenen lekukotasunetik jasorik» idatzi zituzten, eman zaizkigun irakaspenen «egia» ezagut dezagun (ik. Lk 1, 2-4).

[Itun Berriko beste idazkiak]
20 Itun Berriko kanonak, lau Ebanjelioez gain, Pauloren gutunak eta Espiritu Santuaren inspirazioz idatzitako apostoluen beste idazki batzuk biltzen ditu. Hauen bidez, Jainkoaren asmo jakintsuaren arabera, Kristo Jaunari dagozkionak egiaztatzen dira, haren benetako doktrina gero eta gehiago argitzen, Kristoren jainkozko lanaren indar salbagarria aldarrikatzen, Elizaren hasierak eta zabalkunde harrigarria kontatzen eta haren amaiera aintzatsua aurrez iragartzen. Jesus Jauna bere apostoluekin izan zen, agindua zuen bezala (ik. Mt 28, 20), eta Espiritu Laguntzailea bidali zien, egia beteraino gida zitzan (ik. Jn 16, 13).

VI. KAPITULUA
Eskritura Santua Elizaren bizitzan
[Eskriturarekiko benerazioa]
21 Elizak benerazio handia izan dio beti Eskritura Santuari, Jaunaren Gorputzari izan dion bezalaxe, liturgia santuan batez ere etengabe hartu eta banatu baitu fededunen artean bai Jainkoaren hitzaren eta bai Kristoren Gorputzaren mahaiak eskaintzen duen biziaren ogia. Elizak beti hartu izan du eta hartzen du Eskritura Santua, Tradizio santuarekin
batera, bere fedearen gorengo arautzat, Jainkoak inspiratua eta behin betiko idatzia izanik, Jainkoaren beraren hitza era aldaezinez ematen duelako, eta, profeten eta apostoluen hitzetan, Espiritu Santuaren ahotsa entzunarazten duelako. Beharrezko da, beraz, eliz prediku guztia, kristau-erlijioa bera bezala, Eskritura Santuaz janaritua eta hark gidatua egotea. Izan ere, Liburu Santuetan, zeruetan dagoen Aita bere seme-alaben bidera irteten da maiteki eta haiekin hitz egiten du; eta hain handia da Jainkoaren hitzaren ahala eta indarra, non Elizaren euskarri eta kemen baita, fedearen sendotasun bere seme-alabentzat, arimaren janari, bizitza espiritualaren iturri garden eta betiereko. Horregatik, oso modu berezian dagozkio Eskritura Santuari hitz haiek: «Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa» (Heb 4, 12), «hark badu ahalmena eliz elkartea eraikitzeko eta sagaratu guztiei bere ondarea emateko» (Eg 20, 32; ik. 1 Ts 2, 13).

[Ongi zainduriko itzulpenak]
22 Fededunek parez pare irekita izan behar dute Eskritura Santurako sarbidea. Horregatik, Elizak, bere egin izan du hasieratik Hirurogeita Hamarrena (LXX) deritzon Itun Zaharreko antzina-antzinako itzulpen greko hura; eta ohore handiz hartu ditu Ekialdeko eta latinezko beste itzulpenak, Vulgata deitua bereziki. Baina Jainkoaren hitzak garai guztietan eskura egon behar duenez gero, Eliza ama-arduraz saiatzen da itzulpen egoki eta zuzenak egin daitezen hizkuntza ezberdinetara, batez ere Liburu Santuen jatorrizko testuetatik. Itzulpen horiek, egokiera denean eta Eliz agintarien oniritziaz senide banatuekin elkarlanean egiten badira, kristau guztiek erabili ahal izango dituzte.

[Exegeta eta teologoen eginbeharra]
23 Eliza, gizon egindako Hitzaren Emaztea, Espiritu Santuak eskolatua, Eskritura Santuaren gero eta ulertze sakonagoa lortzen saiatzen da, bere seme-alabak Jainkoaren hitzekin etengabe janaritu ahal izateko; horregatik bultzatzen du Ekialdeko nahiz Mendebaldeko Eliz Gurasoen eta liturgiaren ikasketa ere. Exegeta eta gainerako teologoek, indarrak
gogotsu elkartuz, Maisutza santuaren begiradapean, lan egin behar dute egoki diren baliabideekin Eskritura Santua ikertzeko eta azaltzeko, Jainkoaren Herriari Eskrituraren janaria, adimena argitu, borondatea sendotu eta gizon-emakumeen bihotza Jainkoaganako maitasunean piztuko duen janaria eskaintzeko gai izango diren hitzaren ministroak ugaritu daitezen. Sinodo santuak bihotz ematen die Bibliaren ikasketetara emaniko Elizaren seme-alabei, zorionez hasi duten lanean, ahalegin guztiz eta indarrak egunetik egunera berrituz, jarrai dezaten, Elizak nahi duen bezala.

[Eskritura Santua eta Teologia]
24 Teologiak Jainkoaren hitz idatzia du, Tradizio santuarekin batera, bere betiko oinarria; horretan aurkitzen du sendotasuna eta etengabe gaztetzen da, fedearen argitan Kristoren misterioan gorderik dagoen egia oro arakatuz. Eskritura Santuak Jainkoaren hitza biltzen du eta, inspiratua denez gero, Jainkoaren hitza da egiaz; horregatik, Idazki Santuen ikasketa teologia santuaren arima bezala da. Baita hitzaren ministerioak, hots, predikazio pastoralak, katekesiak, kristau-irakaspen osoak eta horren baitan toki garrantzitsua izan behar duen liturgiako homiliak ere Eskriturako hitz beretik hartzen dute janari osasungarria eta sendotasun santua.

[Eskritura Santua irakurtzeko gomendioa]
25 Horregatik, elizgizon guztiek, batez ere Kristoren apaizek eta lege onez hitzaren ministerioan jarduten duten gainerakoek, esaterako, diakonoek eta katekistek, sarri-sarri irakurri eta arretaz ikasi behar dute Eskritura Santua, horietako inor «barruan hitzaren entzule ez, eta kanpoan predikari hutsal» bilaka ez dadin; izan ere, Jainkoaren hitzaren aberastasun oparoak beraiei gomendaturiko fededunen artean banatu behar dituzte, bereziki liturgi ospakizunean. Era berean, Sinodo santuak biziki gomendatzen die fededun guztiei, batez ere erlijiosoei, sarri-sarri irakur dezatela Eskritura Santua, «Kristo Jesus ezagutzearen dohain paregabea» (Flp 3, 8) erdiets dezaten, «Eskritura ez ezagutzea Kristo bera ez ezagutzea baita». Jo bezate, bada, gogotsu testura bertara, bai Jainkoaren hitzez hain betea dagoen liturgia santuan, bai deboziozko irakurketaren bidez, bai horretarako egoki diren egituren bidez edota bestelako bitartekoen bidez, gaur egun nonahi ari baitira zabaltzen zorionez honelako lagungarriak eliz artzainen onarpenez eta zaintzapean. Gogora bezate, hala ere, Eskritura Santuaren irakurketak otoitza izan behar duela lagun, Jainkoaren eta gizakiaren arteko elkarrizketa gauzatu dadin; izan ere, «otoitz egitean Jainkoari hitz egiten diogu, eta Jainkoaren hitzak irakurtzean Berari entzuten diogu».
Apezpikuei, «beraiengan baitago apostoluen doktrina», dagokie beraien ardurapean jarritako fededunei liburu santuen, batez ere Itun Berriko liburuen eta lehenik Ebanjelioen, erabilera zuzena irakastea, beharrezko azalpenez aski hornituriko testu santuen itzulpenen bidez, Elizaren seme-alabak modu seguru eta onuragarrian Eskritura Santuaren erabilerara ohitu eta haren espirituaz ase daitezen.
Egin bitez, gainera, egoki diren oharrez hornituriko Eskritura Santuaren argitalpenak kristau ez direnentzat, hauen baldintzetara egokituz, eta saia bitez arimen artzainak nahiz edozein bizi-egoeratako kristauak zuhurki haiek zabaltzen.

26 Honela bada, Liburu Santuak irakurriz eta ikasiz, «Jaunaren mezua bizkor zabal dadila, eta denek ospez onar dezatela» (2 Ts 3, 1), eta Elizaren esku utzitako errebelazioaren altxorrak gero eta gehiago bete ditzala gizon-emakumeen bihotzak. Elizaren bizia Eukaristiako misterioan sarri-sarri esku hartuz garatzen den bezala, uste izatekoa da era berean, «betiko dirauen» (Is 40, 8; ik. 1 P 1, 23-25) Jainkoaren hitzarekiko benerazioa areagotuz, bizitza espiritualak indar berria hartuko duela.

Konstituzio dogmatiko honetan ezartzen diren gauza guztiek eta bakoitzak Kontzilio santuko Gurasoen oniritzia izan dute. Eta Guk, Kristorengandik jaso dugun ahalmen apostolikoaz, Guraso agurgarriekin batera, onesten, dekretatzen eta ezartzen ditugu Espiritu Santuarengan; eta orobat agintzen, batzarrean hala erabaki izan dena aldarrikatua izan dadila Jainkoaren aintzarako.
Erroman, San Pedrorenean, 1965eko azaroaren 18an.
Nik, PAULOK, Eliza Katolikoaren Apezpikuak.

VATIKANOKO II. KONTZILIO EKUMENIKOAREN AKTETATIK. KONTZILIOKO IDAZKARI TXIT GORENAK
1965EKO AZAROAREN 15EKO
1 7 1 . KONGREGAZIO JENERALEAN EGINDAKO OHARPENA
De Divina Revelatione eskeman azaldu eta botoetara jarri den doktrinak zer kalifikazio teologiko izan behar duen galde egin da. Fede eta moraleko doktrinaren Batzordeak 1964ko martxoaren 6ko bere Deklarazioan erantzun dio galderari:
«Kontzilioetako ohitura eta Kontzilio honen pastoral-helburua kontuan harturik, Sinodo santu honek ondorengo hau ebazten du: Elizan fede eta moraleko gai bezala mantendu behar diren bakarrak, hark argi eta garbi halakotzat deklaratu dituenak dira». «Sinodo santuak Elizaren Maisutza gorenaren doktrina bezala proposatzen dituen gainerakoak, Sinodo santuak berak izan duen asmoaren arabera hartu eta onetsi behar dituzte kristau guztiek eta bakoitzak. Asmo hau, bai gaiagatik beragatik, bai adierazpenen estiloagatik ezagutzen da, teologiako interpretazio-arauei jarraituz».
+ PERICLES FELICI,
Samosatako Artzapezpiku titularra,
Vatikanoko II. Kontzilioko Idazkari Orokorra

Eraman gaitzazu zure sare sozialera: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • Meneame
  • LinkedIn
  • Technorati
  • Digg
  • del.icio.us
  • Wikio
  • YahooBuzz

Related posts:

Liturgia Santuaren Konstituzioa
Juan Carlos Mujikari elkarrizketa Euskadi Irratian.
Apaiza XXI. mendean. Nola da posible?
º

Galderarik bai? Ez izan beldurrik eta galdetu.

Ez izan beldurrik eta galdetu. Guztion artean saiatuko gara erantzunen bat aurkitzen.

Zure alde otoitz eginen dugu!

Beharren bat izanez gero hemen zure alde otoitz eginen dugu. Twitter, facebook edo emailen bidez zure eskaera bidali eta sare sozial honetan zure alde erregutuko dugu.
Bibliaren hilabetea bukatzeko
falta da

Elizaren berri onak

Jarraitu Erlijioabizi

Bookmark and Share

Irratiak

Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Jn 15,15