//
irakurtzen ari zara....

Aita Santua

BENEDIKTO XVIa AITA SANTUAREN BIOGRAFIA

Joseph Ratzinger kardinala, Benedikto XVI.a Aita Santua, Marktl am Inn herrian jaio zen, Passau‑ko elizbarrutian (Alemania), 1927ko apirilaren 16an (Larunbat Santua) eta egun berean bataiatu zuten. Haren aita, jendarmeriako komisarioa, Bavaria Beherean jatorria zuen antzinako laborari‑familia bateko semea zen, ekonomia‑maila apalekoa. Ama, berriz, Chiem lakuaren ertzeko Rimsting herriko artisauen alaba zen eta, ezkondu aurretik, sukaldari jardun zuen hainbat hoteletan.

Bere haurtzaroa eta nerabezaroa Traunstein‑en igaro zituen, Austriaren mugatik gertu dagoen herri txikian, Salzburgotik hogeita hamar bat kilometrora. Berak «mozartar» definitu izan duen ingurugiro horretan jaso zuen bere hezkuntza kristau, gizatiar eta kulturazkoa.

Bere gaztaroa ez zuen bizi-erraza izan. Bere familian jasotako fedeak eta hezkuntzak, nazien erregimenak garai hartan Eliza katolikoaren aurka ezarri zuen gatazka-giro bortitzak biziarazitako esperientzia gogorrei aurre egiten lagundu zioten. Joseph gazteak bere begiz ikusi zuen parrokiako erretorea Meza Santua eman aurretik nola kolpatu zuten.

Hain zuzen ere, egoera konplexu hartan aurkitu zituen Kristoganako fedeak dituen edertasuna eta egia; horretarako funtsezkoa izan zuen bere familiaren jarrera; izan ere, beti ontasunaren eta itxaropenaren aldeko lekukotza argia eman zuen familiak, ondo sustraitutako eliztar izaera azalduz.

Bigarren mundu gerrako azken hilabeteetan, hegazkinen kontrako gorputz edo zerbitzu laguntzaileetan engaiatu edo sartu zuten.

1946-1951 bitartean, filosofiako eta teologiako ikasketak egin zituen Freising-eko Filosofia eta Teologiako Goi‑mailako Eskolan eta Munich-eko unibertsitatean, Bavarian.

1951ko ekainaren 29an apaiz egin zen.

Handik urtebetera, irakasle hasi zen Freising-eko Goi-mailako Eskolan.

1953an teologian doktore egin zen tesi honekin: «Jainkoaren herria eta Jainkoaren etxea Elizaren doktrinan San Agustinengan». Handik lau urtera, oinarrizko teologiako irakasle ezaguna zen Gottlieb Söhngen-en gidaritzapean, irakaskuntzarako gaitasuna aitortu zioten «San Buenaventuraren historiaren teologia» gaitzat zuen hitzaldia eginda.

Freising-eko Goi-mailako Filosofia eta Teologia Eskolan dogmatikako eta oinarrizko teologiako irakasle jardun ondoren, Bona-n jarraitu zuen irakasle 1959tik 1963ra; Muñiste-n 1963tik 1966ra eta Tubinga-n 1966tik 1969ra. Azken urte horretan, Ratisbona-ko unibertsitatean dogmatikako eta dogmaren historiako katedradun izatera pasatu zen eta, aldi berean, Unibertsitateko Errektore-orde ere izan zen.

1962tik 1965era, ekarpen nabarmenak egin zituen Vatikano II.a Kontzilioan «aditu» moduan; Koloniako artzapezpiku zen Joseph Frings kardinalaren aholkulari moduan parte hartu zuen Kontzilioan.

Bere zientzia-arloko jarduera etengabeak, Alemaniako Apezpikuen Konferentziaren eta Nazioarteko Teologia Batzordearen zerbitzura kargu garrantzitsuak betetzera eraman zuen.

1972an, Hans Urs von Balthasar, Henri de Lubac eta beste teologo» handi batzuekin batera, «Communio» izeneko teologia-aldizkaria sortu zuen.

1977ko martxoaren 25ean, Paulo VI.a Aita Santuak, Municheko eta Freising-eko artzapezpiku izendatu zuen. Maiatzaren 28an apezpiku ordena hartu zuen. 80 urte igaro ondoren, Bavariako artzapezpikutza handiko pastoraltza-gobernua bere gain hartu zuen elizbarrutiko lehenengo apaiza izan zen. Apezpiku-lelotzat, hau aukeratu zuen: «Egiaren laguntzaile» eta berak eman zuen azalpena: «Alde batetik, aurretik neuk irakasletzan izandako xedearen eta neure misio berriaren arteko harremana eta lotura adierazten zituela uste izan nuen. Modu desberdinetan izan arren, jokoan zegoena eta egoten jarraitzen duena, egiari jarraitzea da, egiaren zerbitzura egotea. Eta, bestetik, gai hori, egiaren gaia, gaur egungo munduan ia erabat isilarazia delako aukeratu nuen; izan ere, gizakiarentzat handiegia den zerbait balitz bezala aurkezten da; halere, egiarik ez bada, dena hankaz gora doa».

Paulo VI.ak kardinal izendatu zuen «Tiburtino-ko Kontsolamenduaren Andre Maria» presbitero-tituluarekin, urte bereko ekainaren 27ko kardinalen batzarrean.

Ratzinger kardinalak, 1978ko abuztuaren 25etik 26ra Aita Santua aukeratzeko egindako Kardinalen batzarrean (Konklabean) esku hartu zuen eta Joan Paulo I.a hautatu zuten. Aita Santu hark, irailaren 16tik 24ra Guayaquil-en (Ekuador) egin zen Andre Mariaren Nazioarteko III. Kongresurako bere Mandatari Berezi izendatu zuen. Urte berean, urrian, Joan Paulo II.a aita Santu izendatu zuten Kardinalen batzarrean ere esku hartu zuen.

1980an, Apezpikuen Sinodoko V. Batzar orokor arruntean, honako gai honen Kontalari izan zen: «Kristau-familiaren misioa gaur egungo munduan» eta baita 1983ko VI. Batzar orokor arrunteko Mahaiburu-ordezkari ere beste gai honekin: «Adiskidetzea eta penitentzia Elizaren misioan».

Joan Paulo II.ak Fedearen Doktrinarako Kongregazioko Prefektu, Bibli Batzorde Pontifizioko; eta Nazioarteko Teologia Batzordeburu izendatu zuen 1981eko azaroaren 25ean. 1982ko otsailaren 15ean, Municheko eta Freising-eko artzapezpikutzako pastoral-gobernuko kargua utzi egin zuen. 1993ko apirilaren 5ean, Kardinale-Apezpikuen mailara igo zuen Velletri-Segni-ko bikario-kargua emanez.

«Eliza Katolikoaren Doktrina» prestatzeko Batzordeburu izan zen eta sei urteko lanen ondoren (1986-1992), Aita Santuari aurkeztu zion «Doktrina» berria.

Joan Paulo II.ak, 1998ko azaroaren 6an, onetsi egin zuen Ratzinger kardinala, Kardinal-Apezpikuen mailako kardinalek, aukeratu bezala Kardinalen Kolegioko dekano-orde izendatzea. 2002ko azaroaren 30ean, Dekano izendatzea onetsi zuen eta kargu horrekin, gainera, Ostia-ko azpibikario-kargurako izendatu zuten.

1999an, Aita Santuaren Mandatari Berezi gisa joan zen, Alemaniako Paderborn-eko elizbarrutia sortu zeneko XII. mendeurrena zela-eta urtarrilaren 3an egin ziren ospakizunetara.

2000ko azaroaren 13tik aurrera, Zientzietako Akademia Pomtifizioan ohorezko Akademia-kide izendatu zuten.

Erromako kurian, kargu hauek izan zituen: Estatuekiko Harremanetarako Estatu Idazkaritzaren Kontseiluko kide; Kongregazio hauetatako kide: Ekialdeko Elizetarako, Jainkoaren Gurtzarako, Sakramentuen Diziplinarako, Apezpikuentzako, Herriak Ebanjelizatzeko, Hezkuntza Katolikorako, Kleroaren eta Santuen gaietarako Kongregazioetako kide; Kristauen Batasuna Sustatzeko eta Kulturarako Kontseilu Pontifizioetako Kontseiluetako kide; Apostolutza Signaturaren Auzitegi Goreneko kide; Latin Amerikarako, «Ecclesia Dei»ko, Zuzenbide Kanonikoaren Kodea legez interpretatzeko eta Ekialdeko Zuzenbidearen Kode kanonikoa Berritzeko Batzorde Pontifizioetako kide.

Berak argitaratutako lan ugariren artean, nabarmenak dira liburu hauek:: «Kristautasunari buruzko Sarrera», hots, apostolutar fedea bizitzeaz unibertsitatean emandako ikasgaien bilduma, 1968an argitaratua, eta «Hitza Elizan» (1973), pastoraltza-gaiez egindako saiakera, hitzaldi eta gogoeten antologia.

Oihartzun handia izan zuen Bavariako Akademian «Zergatik jarraitzen dut oraindik Elizaren barruan?» izenburuarekin eman zuen hitzaldiak. Bere ohiko argitasunarekin, hau esan zuen: «Elizaren barruan bakarrik izan daiteke kristau eta ez Elizatik kanpo».

Argitalpen ugari egin zituen urteetan zehar eta pertsona askorentzat erreferentzia-puntu bihurtu ziren, teologiaren ikasketetan sakondu nahi zutenentzat batez ere. 1985ean elkarrizketekin egindako «Fedeaz egindako txostena» argitaratu zuen eta 1996an «Lurraren gatza». Era berean, Ratzingerren 70. urtebetetzea zela eta, «Egiaren eskolan» liburua argitaratu zuten. Liburu horretan, hainbat egilek haren nortasunaren eta haren idazlanen hainbat arlo argitzen dituzte.

«Honoris causa» doktoretza-titulu batzuk ere jaso ditu: College of St. Thomas in St. Paul-ek emana (Minnesota, Amerikako Estatu Batuak), 1984an; Eichstätt-eko Unibertsitate katolikoak (Alemania) emana, 1985ean; Limako Unibertsitate katolikoak (Peru) emana, 1986an; Lublin-go Unibertsitate katolikoak (Polonia) emana, 1988an; Nafarroako Unibertsitateak (Iruñea, Euskal Herria) emana, 1998an; Andre Maria Santu Zeruratuaren Unibertsitate Libreak (LUMSA, Erroma) emana, 1999an; Wroclaw-eko Unibertsitateko Teologia Fakultateak (Polonia) emana, 2000n.

(Euskaraz: Andoni Sarriegi) http://www.benedictinescat.com/montserrat/varisvasc.html hartua.

© Copyright 2005 – Vatikanoko Editrice Liburudenda

Eraman gaitzazu zure sare sozialera: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • Meneame
  • LinkedIn
  • Technorati
  • Digg
  • del.icio.us
  • Wikio
  • YahooBuzz

Related posts:

Aita santuaren lehen agerraldi publikoa, bere iragarpenetik
FRANTZISKO AITA SANTUAREN “EBANJELIOAREN ALAITASUNA” 106 ESALDITAN (I)
Bartolome I: Frantzisko Aita Santuak aparteko gidaritza erakutsi du.
º

Galderarik bai? Ez izan beldurrik eta galdetu.

Ez izan beldurrik eta galdetu. Guztion artean saiatuko gara erantzunen bat aurkitzen.

Zure alde otoitz eginen dugu!

Beharren bat izanez gero hemen zure alde otoitz eginen dugu. Twitter, facebook edo emailen bidez zure eskaera bidali eta sare sozial honetan zure alde erregutuko dugu.
Bibliaren hilabetea bukatzeko
falta da

Elizaren berri onak

Jarraitu Erlijioabizi

Bookmark and Share

Irratiak

Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Jn 15,15