//
irakurtzen ari zara....

Elizaren irakatsia

Liturgia Santuaren Konstituzioa

Lanean ari gara dokumentua hobetzeko!

PAULO APEZPIKUAK

JAINKOAREN ZERBITZARIEN ZERBITZARIAK

KONTZILIOKO GURASOEKIN BATERA

BETIKO OROIGARRITZAT

Liturgia Santuaren Konstituzioa

[SARRERA]

1 Kontzilio santuak asmo hauek ditu: fededunen artean, kristau-bizitza

egunez egun sendoago egitea, aldakorrak diren erakundeak gure

garaiko premietara hobeki egokitzea, Kristogan sinesten duten guztien

batasunerako ongi datorren oro bultzatzea, eta guztiei Elizaren altzora

dei egitera daraman oro indartzea. Horregatik, liturgia eraberritzea eta

bizkortzea bere-berea duen zeregina dela uste du.

2 Liturgiaren bidez, bada, «gure berrerospen-ekintza egiten da»1,

batez ere Eukaristiako jainkozko sakrifizioan, eta oso lagungarri zaie

fededunei, Kristoren misterioa eta egiazko Elizaren izaera jatorra beren

bizitzan adierazteko eta besteei agertzeko; Elizaren ezaugarria, aldi

berean, gizatiarra eta jainkotiarra izatea da; ageriko eta ezin ikusizko

elementuak dituena; ekintzari eta kontenplazioari emana; munduan

dagoena eta hala ere erromes doana. Eta hori guztiori, gizatiarra dena

jainkotiarra denari, agerikoa ezin ikusizkoari, ekintza kontenplazioari,

eta oraingoa bila gabiltzan geroko hiriari2 zuzendua eta beraren mende

egonik. Horregatik, barruan daudenak egunez egun eraikitzen

diharduelarik, Jaunaren tenplu santu, Jainkoaren bizileku izan daitezen

Espirituagan3, Kristoren adinaren betetasun neurrira heldu arte4,

liturgiak harrigarriro sendotzen ditu haien indarrak Kristo iragartzeko;

eta horrela agertzen die kanpoan direnei Eliza, nazio artean eraikitako

ezaugarri legez5, Jainkoaren seme-alaba sakabanatuak ezaugarri

honen pean bil daitezen batasunean6, artalde bakarra eta Artzain bakarra7

izan arte

 

3 Horregatik, Kontzilio santuak uste du, ondorengo. printzipioak

kontuan izan eta arau praktikoak ezarri behar direla liturgia bizkortu

eta eraberritzeko.

Oinarri eta arau hauen artean badira batzuk, bai erritu erromatarrari

eta bai gainerakoei ezar dakizkiekeenak eta ezarri ere egin behar

zaizkienak. Hala ere, jakin behar da ondorengo arau praktikoak erritu

erromatarrari dagozkiola soilik, gauzak berez beste errituei dagozkienak

ez badira behintzat.

4 Azkenik, tradizioari leial izanez, Kontzilio santuak adierazten du,

Eliza Ama santuak eskubide eta ohore berdinak aitortzen dizkiela legez

aintzat hartuak diren erritu guztiei; eta aurrerantzean, ahal diren bitartekoak

erabiliz, gorde eta laguntzea nahi du. Eta beharrezko litekeen tokian,

zuhurtasunez osoki aztertzea nahi du, tradizio onaren arabera, eta

indarberritzea gaur eguneko gorabeherak eta premiak kontuan izanik.

I. KAPITULUA

Liturgia santua eraberritzeko

eta bizkortzeko oinarri orokorrak

I. LlTURGIA SANTUAREN IZAERA ETA HAREN GARRANTZIA ELIZAREN BIZITZAN

5 «Gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen nahi duen»

(1 Tm 2, 4) Jainkoak, «askotan eta era askotara gure arbasoei antzina profeten

bidez hitz egin ondoren» (Hb 1,1), epea bete zenean, bere Semea, Hitza

haragi egina, Espiritu Santuaz igurtzia bidali zuen, behartsuei Berri Ona iragartzera

eta bihotz hautsiak sendatzera8, «gorputz eta arimaren sendagile»9,

Jainkoaren eta gizakien bitarteko10. Izan ere, haren gizatasuna, Hitzaren

pertsonarekin bat egina, izan zen gure salbamenerako tresna. Horregatik,

Kristogan «bete-betean gauzatu zen gure adiskidetzea eta jainkogurtzaren

betetasuna eman zitzaigun»11.

 

Jainkoak Itun Zaharreko herrian egindako miragarrien bidez

prestatutako giza berrerospen eta Jainkoaren gorespen oso-osoko ekintza

hau, Kristo Jaunak, batez ere bere zorioneko nekaldi, hilen artetiko

piztuera eta igokunde aintzatsuaren pazko-misterioaren bidez burutu

zuen.

Misterio honen bidez «bere heriotzaz gure heriotza ezereztu zuen

eta bere piztueraz gure bizia berritu»12. Bada, gurutzean lo zegoen Kristoren

saihetsetik sortu zen Eliza osoaren sakramentu miragarria13.

6 Horregatik, Aitak Kristo bidali zuen bezala, Berak ere apostoluak

bidali zituen Espiritu Santuaz beterik; ez bakarrik izaki guztiei Berri Ona

hots egitean14 Jainkoaren Semeak bere heriotzaz eta piztueraz Satanasen

menpetik15 eta heriotzatik askatu eta Aitaren erreinura eraman gintuztela

iragar zezaten, baita iragartzen zuten salbamen-ekintza egitez egin zezaten

ere sakrifizioaren eta sakramentuen bidez, berauen inguruan baitabil

liturgi bizitza osoa. Horrela, bataioaren bidez, gizakiak Kristoren pazkomisterioan

txertatzen dira; Berarekin hiltzen dira, Berarekin hobiratzen

eta Berarekin pizten16; seme-alabatzako Espiritua hartzen dute, «eta Espirituaren

bidez Abba, hau da, Aita hots egiten diote» (Erm 8, 15), eta

horrela, Aitak nahi dituen bezalako egiazko gurtzaile bihurtzen dira17.

Era berean, Jaunaren afaria jaten duten guztian, haren heriotza iragartzen

dute, bera etorri arte18. Horregatik, Mendekoste egunean bertan,

Eliza munduari agertu zitzaionean, «Pedroren hitza onartu zutenak bataiatuak

izan ziren». Eta «Apostoluen irakaspenean irauten zuten, elkarrekin

ogia zatitzean… Jainkoa goresten zuten, eta herri osoaren estimazioa

zuten» (Eg 2, 41-42.47). Harrezkero, Elizak ez dio utzi egundo ere

pazko-misterioa ospatzeko elkartzeari; «Liburu Santuek berari buruz zioten

guztia azaldu zien» (Lk 24, 27), «haren heriotzaren garaipena eta

hura mende hartzea berritzen direneko»19 Eukaristia ospatuz, eta, aldi

berean, Kristo Jesusengan dugun «ezin esan ahalako dohain horrengatik»

 

 

(2 Ko 9, 15) Jainkoari eskerrak emanez, «bere aintzaren gorespen-kantu

izan gaitezen» (Ef 1, 12), Espiritu Santuaren indarrez.

7 Hain handia den egintza burutzeko, Kristo beti dago presente bere

Elizan, batez ere ekintza liturgikoetan. Presente dago mezako oparian,

bai bere ministroarengan, «behinola bere burua gurutzean eskaini zuen

berbera20 orain apaiz-ministerioaren bidez eskaintzen», bai batez ere Eukaristiako

ogi-ardoen antzirudipean. Presente dago sakramentuetan

bere indarrez; horrela, norbaitek bataioa egin dezanean, Kristo da bataiatzen

duena21. Presente dago bere hitzean, Elizan Eskritura Santua

irakur dadinean, Bera baita hitz egiten duena. Presente dago, azkenez,

Elizak erregu egin edo salmoak kanta ditzanean, berak esan baitzuen:

«Nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien

artean» (Mt 18, 20).

Izan ere, Jainkoa ezin hobeki goretsia den eta gizon-emakumeak

santutuak diren egintza hain handian, Kristok lagun hartzen du berekin

Eliza, emazte maite-maitea, Jaunari otoitz dagiona eta Kristoren bidez

Aita Betikoa gurtzen duena.

Beraz, arrazoiz hartzen da liturgia Jesu Kristoren apaiz-eginkizuna

betetzeko jardueratzat; hartan, gizakien santutzea adierazten eta egiten

da, bakoitzari dagokion eran, ageriko ezaugarrien bidez; horrela, Jesu

Kristoren Gorputz mistikoak, hau da, Buruak eta honen atalek, ageriko

kultu osoa egiten dute.

Horregatik, liturgi ospakizun oro, Kristo apaizaren eta honen Gorputza

den Elizaren lana denez gero, egintza guztietarik sakratuena da;

eta egintza honen eraginak, titulu beraz eta maila berean, ez du berdinik

Elizaren gainerako egintzetan.

8 Lurreko liturgian aurrez gozatzen eta esku hartzen dugu hiri santuan,

Jerusalemen, ospatzen den liturgia zerutiarrean; harantz goaz erromes,

han baitago Kristo Aitaren eskuinaldean eserita, egiazko santutegi

eta tabernakuluko zerbitzari legez22; zeruko talde guztiekin aintzazko

gorazarrea kantatzen diogu Jaunari; santuen oroipenari gur eginez, haiekin

batera esku hartzea eta haien lagun izatea itxaroten dugu; Jesu Kristo

gure Jaun Salbatzailearen zain gaude, Bera, gure Bizia, ager dadin

arte, eta gu Berarekin batera aintzaz23 ager gaitezen arte.

 

 

 

9 Liturgia santuak ez du Elizaren eginkizun osoa agortzen; izan ere,

gizakiak liturgiara hel daitezen, lehenik federa eta bihotz-berritzera deituak

izan behar dute: «Nola dei egin, harengan sinesten ez badute? Nola

sinetsi, haren entzuterik ez badute? Nola entzun, nork hots eginik ez

bada? Nola hots egin, hartarako bidalirik ez bada?» (Erm 10, 14-15).

Horregatik, Elizak salbamen-mezua aldarrikatzen die sinesgabeei,

guztiek Jainko bakar eta egiazkoa, eta Hark bidalitako Jesu Kristo ezagut

dezaten, eta bide onera itzul daitezen, penitentzia eginez24. Sinestunei,

berriz, fedea eta penitentzia aldarrikatu behar dizkie etengabe; eta

gainera, sakramentuetarako prestatu behar ditu; Kristok agindu zuen

guztia betetzen irakatsi25, eta maitasun-, erruki- eta apostolutza-lan orotarako

gogoa berotu, horien bidez ager dezaten kristauek, mundu honetakoak

ez badira ere, munduko argi direla eta gizakien aurrean Aita goresten

dutela.

10 Hala ere, liturgian jotzen du Elizaren jardunak bere gailurra, eta,

era berean, liturgia da Elizaren indar guztiaren iturri. Bada, apostolutzalanak

honetara zuzenduak daude: guztiak, fedearen eta bataioaren bidez,

Jainkoaren seme-alaba eginak izan ondoren, batzarrean bil daitezen

Elizaren baitan, Jainkoa gorets dezaten, oparian esku hartu eta Jaunaren

afaria jan dezaten.

Liturgiak berak, bestalde, «pazko-sakramentuez» ase dituen fededunak

«maitasunean bat egitera»26 daramatza; otoitz egiten du «fedean

hartutakoa bizitzan gorde dezaten»27, Jaunak, gizakiekin Eukaristian

berritzen duen itunak, fededunak Kristoren maitasun eragilera erakartzen

eta pizten ditu. Beraz, liturgiatik, batez ere Eukaristiatik, iturri batetik

bezala, grazia dator gugana, eta eraginik handienaz lortzen dira,

Kristorengan, gizon-emakumeak santutzea eta Jainkoa gorestea, hori

baita Elizaren gainerako egintza guztien helburua.

11 Hala ere, eragin bete hori lortu ahal izateko, beharrezkoa da fededunak

liturgiara gogo onez hurbiltzea, bihotza ahotsarekin bat

egitea, eta jainko-graziarekin lan egitea, alferrik har ez dezaten grazia

hori28. Horregatik, saia bitez eliz artzainak, ez bakarrik liturgi ekintzan

 

 

arauak ongi betearazten ospakizunaren baliotasun eta zilegitasunari begira,

baita eliztarrek, ohartuki, jarrera biziz eta onuraz hartan esku har

dezaten ere.

12 Hala ere, espiritu-bizitza ez da liturgia santuan esku-hartzeaz soilik

agortzen. Izan ere, kristauak, elkartean otoitz egitera deitua badago ere,

bere baitan bildu behar du Aitari ezkutuan otoitz egiteko29; are gehiago,

Apostoluak irakasten duenez, etengabe egin behar du otoitz30. Eta Apostolu

berak irakasten digu Jesusen nekeak beti geure gorputzean eramaten,

Jesusen bizia ere gure haragi hilkorrean ager dadin31. Horregatik,

eskatzen diogu Jaunari mezako oparian, «oparigai espiritualaren eskaintza

hartzean», egin gaitzala gu geu «betiko eskaintza»32 beretzat.

13 Biziki gomendatzen ditugu kristau-herriaren deboziozko jarduerak,

Elizaren lege eta arauen barruan betiere, Aulki Apostolikoaren

aginduz egiten direnak bereziki.

Duintasun berezia dute lekuan lekuko Elizen jarduera erlijiosoek

ere, apezpikuen aginduz eta ohituren arabera edo legez onartutako liburuen

arabera egiten direnean.

Baina jarduera hauek ere, liturgi aldiak kontuan izanik eratzea komeni

da, liturgia santuarekin bat etor daitezen, nolabait liturgiatik sor

daitezen eta herria hartara eraman dezaten, liturgia, bere izaeraz, horien

guztien gainetik baitago erabat.

II. HEZKUNTZA LITURGIKOA ETA ESKU-HARTZE AKTIBOA ERAGIN

BEHARRA

14 Eliza Amak biziki nahi du, fededun guztiak liturgi ospakizunetan

oso-osoan, ohartuki eta era aktiboan esku hartzera zuzentzea; hala eskatzen

du liturgiaren beraren izaerak, eta, kristau-herriak, «jatorri aukeratu,

errege-apaizgo, nazio sagaratu, Jainkoak beretzat irabazitako herri»

(1 P 2, 9; ik. 2, 4-5) denak, eskubidea eta eginbeharra ditu horretarako,

bataioaren indarrez.

Herri osoaren esku-hartze osoa eta aktiboa kontuan izan behar dira

liturgia santua eraberritu eta bizkortzerakoan, hauxe baita fededunek

 

 

egiazko kristau-espiritua edaten duten lehen iturria eta beharrezkoena;

beraz, arima-artzainek arretaz jo behar dute horretara beren ekintza pastoral

osoan, formazio egoki baten bidez.

Baina, hori horrela gertatuko den itxaropenik ez dagoenez gero,

baldin eta lehenik arima-artzainak eurak liturgiaren indarrez eta espirituz

ase eta hartan maisu bihurtzen ez badira, ezinbestekoa da, beste ezer

baino lehen, apaizak liturgi gaietan janztea. Beraz, Kontzilio santuak

ondorengo erabaki hauek hartu ditu:

15 Seminarioetan, ikasketetako etxe erlijiosoetan eta teologiako fakultateetan

liturgia santua irakasteko izendatzen diren irakasleek oso

ongi jantzi behar dute beren eginkizunerako, horretarako dauden institutu

berezietan.

16 Liturgia santuko irakasgaia gai beharrezko eta garrantzitsuenen artekotzat

hartu behar da seminario eta erlijiosoen ikastetxeetan eta irakasgai

nagusienen artekotzat teologiako fakultateetan. Bai alde teologiko

eta historikotik eta bai alde espiritual, pastoral eta juridikotik irakatsi

behar da. Gainera, beste irakasgaietako irakasleak, batez ere teologia

dogmatiko, Eskritura Santu, teologia espiritual eta pastoraleko irakasleak

saia bitez Kristoren misterioa eta salbamen-historia, nork bere irakasgaiaren

barneko izaerak eskatzen duenez irakasten, liturgiarekiko lotura

eta apaiz-hezieraren batasuna argi eta garbi agertzeko eran.

17 Seminarioetan eta erlijiosoen etxeetan, apaizgaiek, hartara egoki

bideraturik, espiritu-bizitzaren heziera liturgikoa berenganatu behar

dute; horrela, erritu sakratuak ongi ulertu eta haietan bihotz-bihotzez

esku har dezaten, ez misterio santuen ospakizunen bidez soilik, baita liturgi

espirituz beteriko deboziozko jarduera batzuen bidez ere. Era berean,

liturgi arauak betetzen ikasi behar dute, bizitza, seminario eta erlijiosoen

ikastetxeetan, liturgi espirituz sakonki eratua izan dadin.

18 Jaunaren mahastian jadanik lan egiten duten apaizei, bai elizbarrutiko

bai erlijioso, era guztietako baliabidez lagundu behar zaie, elizkizunetan

egiten dutena gero eta hobeki ulertzen, liturgi bizitza bizi izaten

eta beren ardurapean dituzten fededunei ere biziarazten.

19 Arima-artzainek eragin bezate arduraz eta egonarriz liturgi heziketa,

baita fededunen esku-hartze bizia ere, barnekoa nahiz agerikoa,

haien adin, izate, biziera eta kultura erlijiosoaren arabera, horrela, Jainkoaren

misterioen banatzaile izatearen zeregin nagusienetakoa betez; eta

honetan, ez dute beren artaldea hitzez soilik gidatu behar, baita etsenpluz

ere.

 

 

20 Irratiz eta telebistaz elizkizunak ematea, batez ere mezaren ospakizuna

denean, zuhurtasun eta duintasunez egin bedi, eginkizun horretarako apezpikuak

izendaturiko pertsona egoki baten zuzendaritza eta ardurapean.

III. LlTURGIA SANTUAREN ERABERRITZEA

21 Eliza Ama santuak biziki nahi du liturgiaren eraberritze orokorra,

kristau-herriak ziurtasun handiagoz haren graziak lor ditzan. Izan ere,

liturgia, Jainkoagandikoa delako, aldaezina den parte batez osatua da,

eta aldatzekoak diren beste batzuez, denboraren joan-etorrian alda daitezkeen

edota, are gehiago, aldatu behar direnez osatua, baldin eta

hauetan liturgiaren barne-izaerarekin ongi ez datozen edota desegokiak

izatera heldu diren elementuak sartu badira.

Betiere, eraberritze honetan, testuak eta errituak, berauek esan

nahi dituzten gauza santuak argiago adierazteko eran zuzendu beharra

dago, ahal den neurrian kristau-herriak erraz ulertu eta, ospakizun oso,

bizi eta elkarteari dagokion erakoan esku har dezan.

Horregatik, Kontzilio santuak arau orokor hauek ezarri ditu:

A) Arau orokorrak

11 § 1. Liturgia santua arautzea Elizaren aginteari dagokio soil-soilik; hau

Aulki Apostolikoarengan dago eta, legeak hala dioenean, apezpikuengan.

§ 2. Zuzenbideak ematen duen ahalmenaren arabera, liturgiako

arazoak arautzea, legez eraikitako mota guztietako lurraldeetako gotzain-

batzarrei ere badagokie, ezarritako mugen barruan.

§ 3. Beraz, beste inork, apaiza izan arren, ez du ezer gehitu, kendu

edo aldatu behar liturgian bere kasa.

23 Tradizio jatorrari eusteko eta, aldi berean, bidezko den aurrerapenari

bide egiteko, aurrez ikerketa teologiko, historiko eta pastoral zehatza egin

beharra dago berrikustekoak diren liturgiako atal bakoitzari buruz. Gainera,

gogoan izan behar dira, ez bakarrik liturgiaren egitura eta pentsaeraren

arau orokorrak, baita oraindik orain egindako liturgi eraberritzetik eta

hainbat lekutan emandako baimenetatik datorren esperientzia ere.

Azkenez, ez da gauza berririk sartu behar Elizaren probetxu egiazko

eta ziurrak hala eskatzen ez badu, eta orduan ere berrikuntzak, nolabait,

organikoki eta lehendik zeuden formetatik abiatuz egin daitezen

ardura harturik.

 

 

Bazter bitez hurbileko tokietan, ahal delarik, errituetako desberdintasun

nabarmenak.

24 Eskritura Santuaren garrantzia, liturgi ospakizunean, berebizikoa

da. Izan ere, hortik hartzen dira homilian azaltzen diren irakurgaiak, eta

kantatzen diren salmoak; eskari, otoitz eta kantu liturgikoak haren arnasa

eta senez beterik daude; hortik hartzen dute esanahia egintzek eta keinuek.

Beraz, liturgia santuaren eraberritze, garapen eta egokitzea egiteko,

beharrezkoa da ekialdeko nahiz mendebaldeko errituen tradizioak agertzen

duen Eskritura Santuarekiko maitasun samur eta bizia bultzatzea.

25 Albait lasterren azter bitez liburu liturgikoak, horretarako pertsona

adituez baliaturik eta munduko hainbat tokitako apezpikuei aholkua

eskatuz.

B) Liturgiaren izaeratik sorturiko arauak, egintza hierarkiko eta elkartekoa

den aldetik

26 Egintza liturgikoak ez dira pribatuak, «batasun-sakramentu» den

Elizaren ospakizunak baizik; hau da, apezpikuen zuzendaritzapean bildua

eta eratua33 den herri santuaren ospakizunak.

Beraz, Elizaren Gorputz osoari dagozkio, eragina dute beronengan

eta berau adierazten dute, baina Gorputz honen atal bakoitzari era desberdinez

eragiten dio, maila, eginkizun eta oraingo esku-hartzearen arabera.

27 Errituak, bakoitzaren izaerari dagokionez, elkarteko ospakizunean

egin daitezkeenean, fededunak bertan direla eta biziki esku-hartzen dutela,

era hau hobestea gomendatu behar da, ahal dela, banakako ospakizun

eta ia pribatuaren ondoan.

Hau esatean, batez ere mezaren ospakizunaz eta sakramentuak

emateaz ari gara, betiere meza orok duen izaera publiko eta lagunartekoa

gordetzen dela.

28 Ospakizun liturgikoetan, bakoitzak, eliz ministroa nahiz fededun

soila izan, bere egitekoa betetzean, egintzaren izaera eta liturgi arauak

kontuan izanik, berari dagokiona bakarrik eta guztia egin behar du.

29 Meza-laguntzaile, irakurle, ohargile eta korua osatzen dutenek ere

benetako ministerio liturgikoa betetzen dute. Beraz, hain garrantzi handiko

ministerioari dagokion eta Jainkoaren Herriak haiengandik, arrazoi

osoz, eskatzen duen zinezko debozioz eta egokitasunez bete behar

dute beren egitekoa.

 

 

 

Horregatik, beharrezkoa da hauek, bakoitza bere erara, liturgiaren

espiritua sakonki barneraturik edukitzea eta beren egitekoa behar denez

eta egokitasunez bete dezaten eskolaturik egotea.

30 Esku-hartze bizia eragiteko, herriaren gorapen, erantzun, salmo,

antifona, kantu eta baita gorputzaren keinu eta jarrerak ere zaindu bitez.

Gorde bedi, bere garaian, isiltasun sakratua ere.

31 Liturgi liburuak berraztertzean, oso kontuan izan bedi, fededunen

esku-hartzeari dagokiona errubriketan ezartzea.

32 Liturgian ez da pertsonen edo giza mailen arteko bereizkeriarik egingo,

ez ohikuneetan eta ez ageriko apainduran, liturgi eginkizunetik eta ordena

santutik datozen bereizketak eta, liturgi legeen arabera, herri-agintariei

dagozkien ohoreak izan ezik.

C) Liturgiaren izaera didaktiko eta pastoraletik datozen arauak

33 Nahiz eta liturgia santua, bereziki, Jainkoaren handitasunaren gurtza

izan, badu fededun herriarentzat ikasbide bikain bat ere34. Hain zuzen

ere, liturgian Jainkoak hitz egiten dio bere herriari: Kristok oraindik

ere Ebanjelioa aldarrikatzen du. Eta herriak kantuz eta otoitzez erantzuten

dio Jainkoari.

Areago oraindik: Kristoren ordez batzarburu den apaizak Jainkoari

zuzentzen dizkion otoitzak ere, herri santu osoaren eta aurrean dauden

guztien izenean egiten dizkio. Jainko-errealitate ezin ikusiak adierazteko

liturgia santuak erabiltzen dituen ageriko ezaugarriak, Kristok

edo Elizak hautatuak dira. Beraz, ez bakarrik «gure ikasbiderako idatzia

» (Erm 15,4) irakurtzen denean, baita Elizak otoitz egiten, kantatzen

edota zerbait egiten duenean ere, bertan direnen fedea elikatzen da

eta haien gogoak erne ezartzen dira Jainkoagana, Berari bidezko den

kultua emateko eta beraren grazia oparoago jasotzeko.

Horregatik, eraberritzea egiterakoan, ondorengo arau orokorrak

gorde behar dira:

34 Oikuneak xalotasun sotil batez jantziak izan bitez; laburrak direlako

argiak izan daitezela eta alferrikako errepikapenik gabeak; fededunen

adimenera egokitu daitezela eta, gehienetan behintzat, ez dezatela azalpen

askoren premiarik izan.

35 Liturgian argi eta garbi ager dadin ohikunearen eta hitzaren barne-

lotura:

 

 

 

1) Elizkizunetan, Eskritura Santuko irakurgaiak ugariagoak, mota

gehiagotakoak eta egokiagoak ezar bitez.

2) Errubriketan adieraziko da hitzaldia egiteko tokirik egokiena

zein den, liturgi egintzaren zati denez gero, ohikunearen izaerak onar

dezan neurrian; leialki eta zehazki beteko da prediku-ministerioa. Honen

iturri nagusiak Eskritura Santua eta liturgia izango dira, Jainkoak

salbamen-historian eginiko harrigarrien aldarrikapena baita, hau da,

beti gugan dagoen eta, batez ere liturgi ospakizunetan, gugan diharduen

Kristoren misterioaren aldarrikapena.

3) Irakats bedi, baliabide guztiez, liturgiari bereziki dagokion katekesia

eta, hala behar izanez gero, ezar bitez ohikuneetan oharpen laburrak,

apaizak edo dagokion ministroak esango dituenak, baina une

egokietan soilik, agindutako hitzak edo antzekoak erabiliz.

4) Indarra eman bekio Jainkoaren hitzaren ospakizun santuari festaburuen

bezperetan, Abendu eta Garizumako astegun batzuetan eta

igande eta jaiegunetan, batez ere apaizik ez duten lekuetan. Horrelakoetan,

ospakizuna, diakono batek edo apezpikuak izendaturiko beste norbaitek

zuzenduko du.

36 § 1. Latina gordeko da erritu latindarretan, eskubide berezia duten

kasuetan izan ezik.

§ 2. Hala ere, sarritan ama-hizkuntzaren erabilera oso ongi etor liteke

herriarentzat. Horregatik, bai mezatan eta bai sakramentuak ematerakoan

eta liturgiako beste arlo batzuetan, toki handiagoa eman dakioke, batez ere

irakurgai eta oharpenetan, otoitz batzuetan eta kantuetan, ondorengo kapituluetan

gai honetaz ezartzen diren kasuan kasuko arauek diotenez.

§ 3. Arau hauek betez, 22. artikuluko 2. §an aipatzen den lekuko

eliz agintariari dagokio, ama-hizkuntza erabiliko den eta zer neurritan

erabiliko den zehaztea, behar izanez gero, hizkuntza bereko inguruneko

apezpikuei aholkua eskatuz, behin Aulki Apostolikoak erabaki hauek

onetsi eta baietsi ondoren.

§ 4. Latinezko testutik liturgian erabiliko den ama-hizkuntzarako

itzulpenak, lehenago aipaturiko lekuko eliz agintariak onetsia izan beharko

du.

D) Liturgia herrien pentsaera eta tradizioetara egokitu ahal izateko arauak

37 Elizak, fedearekin eta elkarte osoaren onarekin zerikusirik ez duten

gauzetan, ez du berdintasun zorrotzik ezarri nahi, ezta liturgian ere.

 

 

 

Aitzitik, enda eta herrien sen eta izaerak aintzat hartzen eta bultzatzen

ditu. Onberatasunez aztertzen du eta, ahal badu, osorik gordetzen du,

herrietako usadioetan sineskeria eta errakuntzekin estu-estu loturik ez

dagoena; are gehiago: liturgian bertan ere onartzen du noizbait, benetako

eta egiazko izaera liturgikoarekin bat datorren guztian.

38 Erritu erromatarraren funtsezko batasuna gorderik, liturgiako liburuak

eraberritzean, leku egin bekie bidezko berezitasunei eta talde, eskualde

eta herrietara egindako moldaerei, batez ere misioetan; eta hau,

bere garaian, kontuan har bedi ohikuneen egitura eta errubrikak ezartzerakoan.

39 22. artikuluko 2. §an aipatzen den lekuko eliz agintariari dagokio,

liturgi liburuen edizio berezietan egiten diren moldaerak zehaztea, ezarritako

mugen barruan, batez ere sakramentuak emateari, sakramentalei,

prozesioei, liturgi hizkuntzari, musika eta arte sakratuei dagokienez, betiere

konstituzio honetako funtsezko arauek diotenez.

40 Hala ere, hainbat leku eta kasutan liturgiaren egokitze sakonagoa

egin beharra dago eta horrek gauzak zailago egiten ditu. Hortaz:

1) 22. artikuluko 2. §an aipatzen den lekuko eliz agintariak, arretaz

eta zuhurtasunez pentsatu behar du herri bakoitzaren tradizioetatik

eta izaeratik zer komeniko litzatekeen jainkozko gurtzarako onartzea.

Aulki Apostolikoari aurkeztuko zaizkio ongi datozen edota beharrezko

diren moldaerak, haren baimenaz sartu ahal izateko.

2) Moldaera hau behar den kontuaz egiteko, Aulki Apostolikoak

lekuko eliz agintariari berari emango dio, hala behar balitz, aurrez beharrezko

esperientziak, horretarako egokiak diren talde batzuetan eta

aldi batez, egiten uzteko eta haiek zuzentzeko baimena.

3) Lege liturgikoek, moldaerei dagokienez, zailtasunak izaten dituzte,

batez ere misio-lurraldeetan; horregatik, haiek egitean, gai horietan

adituak direnengana joko da.

IV. ELIZBARRUTIAN ETA PARROKIAN BIZITZA LITURGIKOA BIZKORTZEA

41 Apezpikua hartu behar da bere kristau-taldearen apaizburu. Honengandik

dator eta honen baitan dago, nolabait, fededunek Kristorengan

duten bizitza.

 

 

 

 

Horregatik, apezpikuaren inguruan egiten den elizbarrutiko liturgi

bizitzari garrantzi handia ematea komeni da, batez ere katedralean egiten

denari; Elizaren agerpenik gorena, Jainkoaren herri santu osoak liturgi

ospakizun berberetan esku-hartzean izaten dela kontuan izanik;

batez ere Eukaristia berean, otoitz berean, apezpikua buru dela eta bere

apaizak eta ministroak aldamenean dituela aldare beraren inguruan egiten

denean35.

42 Apezpikuak berak bere Elizan, beti eta toki guztietan, bere kristau-

talde osoaren buru izatea ezinezko duenez gero, behar-beharrezko

da kristau-elkarteak sortzea. Hauen artean parrokiak daude lehen mailan,

apezpikuaren ordezko den artzain baten zuzendaritzapean han-hemen

banaturik. Hauek, nolabait, mundu osoan zehar ezarria den ageriko Eliza

adierazten dute.

Beraz, fededun eta apaizengan parrokiako liturgi bizitza eta honek

apezpikuarekin duen lotura bizkortu bitez, bai pentsaeraz eta bai egitez;

eta lan egin bedi, parrokiako elkarte-zentzuak gora egin dezan, igandeko

elkarteko meza ospakizunean batez ere.

V. EKINTZA LITURGIKO PASTORALA BIZKORTZEA

43 Liturgia santua eraberritu eta bizkortzeko gogo bizia, arrazoiz hartzen

da, Jainkoak gure garaiaren gain duen probidentziazko erabidearen

ezaugarritzat; Espiritu Santua bere Elizan barna igarotzen den ezaugarritzat;

eta ukitu berezia ematen dio honen bizitzari, baita gure garaian

modu erlijiosoz sentitzeko eta jokatzeko pentsamendu osoari ere.

Beraz, Elizan ekintza pastoral liturgikoa oraindik gehiago indartzeko,

Kontzilio santuak ondorengo hauek erabakitzen ditu:

44 22. artikuluko 2. §an aipatzen den lurraldeko eliz agintariak liturgi

batzordea sortzea komeni da, hartan liturgiako gaietan, musikan, arte

sakratuan eta pastoralean ongi jantziak direnak lankide izanik. Gai honetan

adituak diren kideez, baita laikoez ere hala behar balitz, osatutako

liturgia pastoraleko institutu batek lagunduko dio batzorde honi, ahal

den neurrian. Aipaturiko lurraldeko eliz agintariaren zuzendaritzapean,

batzorde honi dagozkio ekintza pastoral liturgikoa zuzentzea bere eskumenaren

barruan eta, Aulki Apostolikoari moldaketak egitea proposatu

behar zaionean, ikerketak eta behar diren esperientziak eragitea.

 

 

 

45 Era berean, elizbarruti bakoitzean liturgia santuko batzordea izango

da, apezpikuaren zuzendaritzapean liturgi ekintza indartzeko.

Zenbait kasutan egoki izan liteke elizbarruti batek baino gehiagok,

elkar harturik, batzorde bakar bat osatzea, liturgia indartzeko.

46 Liturgia santuko batzordeaz gain, sor bitez elizbarruti bakoitzean,

ahal den neurrian, eliz musikako eta arte sakratuko batzordeak ere.

Beharrezko da hiru batzorde hauek elkar harturik lan egitea; gehiago

oraindik: hirurek batzorde bakarra egitea komeniko da batzuetan.

II. KAPITULUA

Eukaristiako misterio santua

47 Gure Salbatzaileak, Azken Afarian, saldua izan zen gauean, bere

Gorputz Odolen eukaristi oparia sortu zuen; horren bidez, mendez

mende gurutzeko opari honi betiko iraunaraziko zion, Bera berriro etorri

arte, eta horrela, bere heriotza eta piztueraren oroigarria utziko zion Eliza

bere Emazte maiteari: errukizko sakramentu, batasun ezaugarri, maitasun-

lokarri36, Kristo janari dugun, arima graziaz betetzen digun eta

geroko zorionaren bermea ematen digun37 pazko-otordua.

48 Horregatik, Elizak ardura handia izaten du, fededunak ikusle mutu

eta arrotz izan ez daitezen fedeko misterio honetan; aitzitik, ohikune eta

otoitzen bidez misterio hau ongi ulerturik, ohartuki, debozioz eta jarrera

biziz esku har dezaten ekintza santuan, Jainkoaren hitzean eskolatuak

izan daitezen, Jaunaren mahaian indartuak izan daitezen, Jainkoari eskerrak

eman diezazkioten, ostia garbia ez apaizaren eskuz soilik, baita

honekin batera berek ere eskaintzerakoan, beren burua eskaintzen ikas

dezaten; egunetik egunera, Kristo Bitartekoaren bidez38, Jainkoarekin

eta elkarrekin hobeki bat egin dezaten, azkenez, Jainkoa guztiengan

guztia izan dadin.

 

 

 

 

49 Beraz, mezako opariak, ohikuneengatik ere, pastoral fruitu beteak

irits ditzan, Kontzilio santuak, herriarekin egiten diren mezak batez ere

igande eta jai egin beharreko egunetakoak kontuan izanik, ondorengo

hauek agintzen ditu:

50 Azter bedi mezaren egunerokoa, zati bakoitzaren esanahia eta guztiek

elkarrekin duten lotura garbiago ager dadin eta fededunen eskuhartze

deboziozkoa eta bizia errazago bihur dadin.

Hortaz, erraztu bitez ohikuneak, haien muinari kontu handiz eutsiz;

ken bitez beharrezko ez direnak, urteen joan-etorrian bikoiztu edo

gehitu direnak; beste batzuk, urteetan zehar galdu direnak, ordea, ezar

bitez berriro, Eliz Gurasoen lehen eginbidearen arabera, egoki edo beharrezkotzat

jotzen direnean.

51 Fededunentzat Jainkoaren hitzaren mahaia oparoago prestatzearren,

zabal bitez gehiago Bibliako ondasunak, urte batzuen buruan Liburu

Santuen pasarterik esanguratsuenak irakur dakizkion herriari.

52 Liturgiaren beraren osagai denez gero, biziki gomendatzen da homilia

egitea; hartan, testu sakratuetatik abiaturik, fedeko misterioak eta

kristau-bizitzarako arauak azalduko dira liturgi urtean zehar. Areago

oraindik: herriarekin igande eta jai egin beharreko egunetan ematen diren

mezetan, ez da egundo ere utzi behar alde batera, arrazoi larriren

bat bitarteko ez bada.

53 Ebanjelioaren eta homiliaren ondoren, ezar bedi berriro «guztien

aldeko otoitza» edo «Jainko Herriaren otoitza», igande eta jai egin beharreko

egunetan batez ere, herriak esku hartuz Eliza santuaren alde,

agintarien alde, edozein premiatan direnen alde, gizon-emakume guztien

alde, mundu osoaren salbamenerako39 erreguak egin daitezen.

54 Herriarekin egiten diren mezetan, bere leku egokia eman dakioke

herri-hizkuntzari, irakurgaietan eta guztien otoitzean batez ere, eta, noiz

eta non den kontuan harturik, baita herriari dagozkion beste parte batzuetan

ere, konstituzio honetako 36. arauak dioenez.

Hala ere, ahalegina egin bedi, fededunak eurei dagozkien mezaren

eguneroko zatiak, baita latinez ere, batera esateko nahiz kantatzeko gai

izan daitezen.

Nonbait herri-hizkuntza meza barruan gehiago sartzea komeni

dela ikusiko balitz, bete bedi konstituzio honetako 40. artikulua.

55 Bereziki aholkatzen da mezatan esku-hartze osoena, fededunek,

apaizaren jaunartzearen ondoren, opari beretik Jaunaren Gorputza

hartuz.

 

 

Ogi-ardoen irudipean jaunartzea, Trentoko Kontzilioak ezarritako

printzipio dogmatikoak40 ongi gordez, eta Aulki Apostolikoak baimena

ematen duen kasuetan, elizgizon eta erlijiosoei nahiz laikoei eman dakieke,

apezpikuen iritzira; esaterako, apaizgaiei ordena sakratua ematen

zaien mezan, profesa egin berri dutenei profesa erlijiosoko mezan, bataiatu

berriei bataio ondorengo mezan.

56 Mezak dituen bi zatiak, hau da, hitzaren liturgia eta eukaristiarena,

hain estu bat eginik daude, non kultuko egintza bakarra osatzen

baitute. Horregatik, Sinodo santu honek biziki aholkatzen ditu

arimen artzainak, katekesian arduraz eskola ditzaten fededunak meza

osoan esku hartu beharraz, igande eta jai egin beharreko egunetan

batez ere.

57 § 1. Elkarmeza, apaizgoaren batasuna egoki adierazten duena,

gaurdaino erabilia izan da Elizan, bai Ekialdean eta bai Mendebaldean.

Beraz, Kontzilioak elkarmeza emateko eskubidea ondorengo kasu hauetara

zabaltzea erabaki du:

1. a) Ostegun Santu egunean, bai krisma-mezan eta bai arratsaldeko

mezan.

b) Kontzilio, gotzain-batzar eta sinodoetako mezetan.

c) Abade baten bedeinkapeneko mezan.

2. Gainera, Lekuko Ordinarioaren baimenaz, berari baitagokio elkarmeza

egoki den ala ez erabakitzea:

a) Komentu-mezan eta elizetako meza nagusian; kristauen onak,

bertan dauden apaizak banaka meza ematea, eskatzen ez badu.

b) Apaiz, erlijioso nahiz laikoen bileretan ematen diren mezetan.

§ 2. 1. Hala ere, apezpikuari dagokio elizbarrutian elkarmezei buruzko

eginbidea arautzea.

2. Dena dela, gorde bedi apaiz bakoitzak banaka meza emateko

duen eskubidea, baina ez aldi berean eta eliza berean, ezta Jaunaren Afariko

Ostegun Santuan ere.

58 Eratu bedi elkarmeza emateko ohikune berria eta Erromako Pontifikalean

eta Meza-liburuan sar bedi.

 

III. KAPITULUA

Beste sakramentuak eta sakramentalak

59 Sakramentuak gizon-emakumeak santu egiteko, Kristoren Gorputza

eraikitzeko eta, azkenez, Jainkoa gurtzeko dira; baina ezaugarriak diren

aldetik, helburu pedagogikoa ere badute. Fedea ziurtzat eman ez

ezik, janaritu, sendotu eta adierazi ere egiten dute hitz eta gauzen bidez;

horregatik, fedearen sakramentuak deritze. Grazia ematen dute, noski;

baina haien ospakizunak ongi prestatzen ditu kristauak grazia bera onuraz

hartzeko, Jainkoa gurtzeko eta maitasun-egintzetarako.

Beraz, garrantzi handi-handikoa da, fededunek sakramentuen

ezaugarriak erraz ulertu eta kristau-bizitza elikatzeko sortuak diren sakramentu

haiek ahalik sarrien hartzea.

60 Eliza Ama santuak, gainera, sakramentalak ere sortu zituen. Hauek

sakramentuen antzeko ezaugarri sakratuak dira; hauen bidez, Elizaren

otoitzez lorturiko emaitzak, batez ere espiritualak, adierazten dira; eta

era berean, gizon-emakumeak sakramentuen ondorio nagusia hartzeko

prestatzen dituzte eta bizitzako hainbat une santutzen.

61 Eta, horrela, sakramentu eta sakramentalen liturgiak, pazko-miste^

riotik, Kristoren heriotza eta piztueratik, datorren jainkozko graziak ia

bizitzako gertakari guztiak santutzea dakar ongi prestaturik dauden

kristauengan; harengandik hartzen dute beren indarra sakramentu eta

sakramental guztiek eta horrek eragiten du gauza materialen erabilera

zuzen oro gizakiaren santutzaile eta Jainkoaren goresgarri izatea.

62 Urteen joan-etorrian, sakramentu eta sakramentalen ohikuneetan,

beren izaera eta helburua iluntzen dituzten hainbat gauza sartu izan

dira; horrez gainera, beste batzuk gure garaiko premietara egokitu beharra

dago. Horregatik, ondorengo erabaki hauek hartu ditu Kontzilio

santuak haien berrikusteari buruz:

63 Sakramentu eta sakramentalak ematean, hainbat kasutan, herrihizkuntzaren

erabilera guztiz onuragarria izan daitekeenez gero, toki

handiagoa eman behar zaie, ondorengo arauak jarraituz:

a) Sakramentu eta sakramentalak ematean herri-hizkuntza erabil

daiteke, 36. artikulua betetzen dela.

b) Hartarako eskumena duten tokiko eliz agintariek, hots, konstituzio

honetako 22. artikuluko 2. §an aipatzen direnek, presta bitzate albait

lasterren, Erritu-liburu erromatarraren argitalpen berriaren arabera,

lekuan lekuko Erritu-liburuak, eskualde bakoitzeko beharretara, baita

 

 

hizkuntzari dagokionez ere, ongi eratuak; eta, Aulki Apostolikoak aztertu

ondoren, ezar bitez dagokien eskualdeetan. Erritu-liburu edo bilduma

berezi hauek egitean, ez bitez ahaztu Erritu-liburu erromatarrean

ohikune bakoitzaren aurrean datozen argibideak, bai pastoralari eta

errubrikei dagozkienak eta bai garrantzi sozial berezia dutenak.

64 Berrizta bedi helduen katekumenotza, maila desberdinetan. Hau,

egitez nola bete, lekuko Ordinarioaren esku izango da; honela, irakaspen

egokia jasotzeko den katekumenotza-aldia, tarteka egiten diren ohikune

sakratuen ospakizunez santutu daiteke.

65 Misio-lurraldeetan, kristau-tradizioan dauden kristau-sarbiderako

gaiez gainera, herri bakoitzean erabili ohi direnak ere onar daitezke,

kristau-erritura, Konstituzio honetako 37-40 artikuluen arabera, ongi

egokitzen diren neurrian.

66 Berrikus bitez helduen bataioko bi ohikuneak, bai laburra eta bai

nagusia, katekumenotzaren eraberritzea gogoan izanik eta sar bedi

Meza-liburu erromatarrean «Bataioa emateko» meza berezia.

67 Berrikus bedi haurren bataioa, haien egiazko egoerara egokituz;

ohikunean bertan ere, garbiago ager daitezela gurasoen eta aita-amabitxien

esku-hartzea eta eginbeharrak.

68 Bataio asko aldi berean direnerako, bataioko ohikunean beharrezko

moldaketak izango dira, Lekuko Ordinarioaren iritzira erabiltzekoak.

Idatz bedi, gainera, ohikune laburrago bat, batez ere misio-lurraldeetan

katekistek eta, orokorki, kristauek heriotza-arriskuan eta apaizik edo

diakonorik ez denean erabil dezaten.

69 «Haur bataiatuarengan egin gabe utzitakoak betetzeko ohikunea»

deritzonaren ordez, idatz bedi berri bat, ohikune laburraz bataiatutako

haurra Elizan onartua izan dela argiago eta egokiago agertuko duena.

Idatz bedi, gainera, ohikune berri bat, balioko bataioa hartuta egonik

erlijio katolikoan sartzen direnentzat, Elizaren elkartean onartuak

direla agertuko duena.

70 Bataioko ura pazko alditik kanpora bataioko ohikunean bertan bedeinka

daiteke, ontzat emana den formula laburrago baten bidez.

71 Berrikus bedi sendotzako ohikunea ere, sakramentu honek kristausarbide

guztiarekin duen barne-barneko lotura argiago gera dadin; beraz,

bataioko promesen berritzea egitea komeni da sakramentua hartu aurretik.

Sendotza, komeni bada, meza barruan eman daiteke; meza gabe

egin dadinean, presta bedi sarrera gisa erabiltzeko formularen bat.

 

 

 

72 Berrikus bitez penitentziaren ohikune eta formulak, sakramentuaren

izaera eta emaitzak garbiago ager daitezen.

73 «Azken Igurtzia», beste izen batez eta hobeki «gaixoen oliadura»

esan dezakeguna, ez da hilzorian daudenen sakramentua soilik. Horregatik,

fededuna gaixotasunez edo zaharrez hiltzeko arriskuan egoten

hasten denekoa jotzen da hura hartzeko aldi egokitzat.

74 Gaixoen oliadura eta biatikoaren banakako ohikuneaz gain, idatz

bedi elizakoak emateko ohikune jarraitua, gaixoen oliadura aitortzaren

ondoren eta biatikoaren aurretik emanik.

75 Egokitu bitez, komeni denez, oliaduren maiztasuna eta berrikus

gaixoen oliadurari dagozkion otoitzak, sakramentua hartzen duten gaixoen

hainbat egoerari erantzuteko eran.

76 Berrikus bitez ordenazioetako ohikuneak, bai zeremoniei dagokienez

eta bai testuari dagokionez. Apezpikuaren hitzak, ordenazio edo sagarapen

bakoitzaren hasieran, herri-hizkuntzan izan daitezke.

Gotzain-sagarapenean dauden apezpiku guztiek ezar ditzakete eskuak.

77 Berrikus eta aberats bedi Erritu-liburu erromatarrean den ezkontza

ospakizuneko ohikunea, sakramentuaren grazia agertu eta senar-emazteen

eginbeharrak argiago irakatsiak izan daitezen.

«Toki batzuetan, ezkontzako sakramentuaren ospakizunean, beste

ohitura eta zeremonia txalogarri batzuk erabiltzen badira, Sinodo santuak

haiek gordetzea nahi du biziki»41.

Horrez gainera, Konstituzio honetako 22. artikuluko 2. §an aipatzen

den legezko eliz agintariaren esku uzten da, 63. artikuluaren arabera,

lekuan lekuko eta herrietako usadioetara egokiturik, ohikune berezia

prestatzeko eskubidea, betiere ezkongaien baietza apaizak eskatu eta

hartzen duelako legeak zutik dirauela.

78 Ezkontza egin bedi, eskuarki, meza barruan; ebanjelioaren irakurketa

eta homiliaren ondotik eta «fededunen otoitzaren» aurretik. Emaztearen

aldeko otoitza, behar denez eraberritua, ezkongaiek elkarrekin

zintzo izateko duten eginbeharra bientzat berdin agertzeko eran, herrihizkuntzan

esan daiteke.

 

 

 

Ezkontzako sakramentua mezarik gabe egiten bada, irakur bitez,

ohikunearen hasieran, senar-emazteen mezako epistola eta ebanjelioa

eta eman bedi beti ezkon bedeinkazioa.

79 Berrikus bitez sakramentalak, oinarrizko araua, hots, fededunek

ohartuki, biziki eta errazki esku-hartzea gogoan izanez eta gure garaietako

premiei erantzunez. Erritu-liburuak berrikustean, 63. artikuluaren

arabera, premiak hala eskatuz gero, gehi daitezke sakramental berriak.

Bedeinkazio atxikiak gutxi izan bitez, eta haiek, Apezpiku edo Ordinarioarentzat

atxikiak.

Egin bedi behar dena, sakramental batzuk egoera berezi batzuetan

eta Ordinarioaren iritzira, hartarako gaitasuna duten laikoek eman ahal

ditzaten.

80 Berrikus bedi Erromako Pontifikalean datorren birjinen sagarapeneko

ohikunea.

Horrez gainera, idatz bedi profesa erlijiosoko eta botoak berritzeko

ohikune bat, batasun, soiltasun eta duintasun handiagoa izango duena,

meza barruan profesa egiten nahiz botoak berritzen dituenak erabili behar

duena, lege partikularrak besterik agintzen ez badu.

Profesa erlijiosoa meza barruan egitea ondo baino hobeto dago.

81 Hileta-ohikuneak argiago adierazi behar du kristau-heriotzaren

pazko-izaera eta hobeki erantzun herrialde bakoitzeko zertzelada eta

usadioei, baita kolore liturgikoari dagokionean ere.

82 Berrikus bedi haurrak hobiratzeko ohikunea, hartarako meza berezia

prestatuz.

IV. KAPITULUA

Orduen liturgia

83 Jesu Kristok, Itun Berri eta betikoaren Apaiz Nagusiak, giza izaera

hartzean, zeruko egoitzan mendez mende kantatzen den gorazarre hura

ekarri zuen lurreko erbeste honetara. Berarengana biltzen du gizakien

elkarte osoa eta bat egin berarekin gorapen-kantu jainkozko honetan.

Izan ere, apaiz-eginkizun hau haren Elizaren bidez luzatzen da.

Honek mendez mende goresten du Jauna eta mundu osoaren salbamenerako

erregu egiten, ez Eukaristia ospatuz soilik, baita beste era batzuetara

ere, batez ere Orduen Liturgia errezatuz.

 

 

84 Orduen Liturgia, antzinako kristau-tradizioari jarraituz, egun eta

gau osoaren joana Jainkoaren gorespenari sagaratzeko eran antolatua

dago. Apaizek eta eginkizun horretarako Elizak izendatuek edota fededun

laikoek apaizarekin batera, aginduta dagoen eran otoitz egin dezatenean,

senarrari hitz egiten ari zaion emaztearen beraren mintzoa da egiaz; areago

oraindik, Kristoren otoitza da, bere Gorputz berberaz, Aitari.

85 Horregatik, eginkizun honetan ari diren guztiek, alde batetik Elizaren

eginbeharra betetzen dute, eta bestetik Kristoren Emaztearen

ohore gorenean esku hartzen, Jainkoa goresten duten bitartean, beraren

aulki aurrean baitaude, Eliza Amaren izenean.

86 Pastoral ministerio santuan diharduten apaizek, zenbat eta gogoan

sartuago izan Pauloren aholkua: «Egizue otoitz aspergabe» (1 Ts 5, 17),

hainbat gartsuago errezatuko dituzte Orduetako gorespenak; bada, Jaunak

bakarrik eman diezazkioke eragina eta garapena egiten ari diren lanari,

Berak esan zuenez: «Ni gabe ezin duzue ezer egin» (Jn 15, 5). Horregatik

apostoluek, diakonoak ezarri zituztenean, esan zuten: «Gu, horrela,

otoitzari eta hitzaren zerbitzuari emango gatzaizkie» (Eg 6, 4).

87 Baina apaizek eta gainerako eliztarrek hobeki eta eratsuago erreza

dezaten Orduen Liturgia oraingo egoeran, Kontzilio santuak, Aulki

Apostolikoak zorionez hasitako eraberritzeari jarraituz, honako erabakiok

hartu ditu Erromako errituz egiten den Orduen Liturgiari buruz:

88 Orduen Liturgiaren helburua eguna santutzea denez gero, ezar

bedi Orduen tradiziozko ordena; ahal dela behintzat, Orduei dagozkien

berezko garaian egin daitezen eta, era berean, kontuan har daitezen

oraingo bizitzako baldintzak, halakoetan izaten baitira apostolutza-lanari

emanda daudenak.

89 Beraz, Orduen Liturgiaren eraberritzean, gorde bitez ondorengo

arauok:

a) Gorespenak, goizeko otoitza direnez gero, eta bezperak, arratsaldeko

otoitza, Eliza osoaren tradizio agurgarriaren arabera Orduen Liturgiaren

eguneko bi ardatzak dira, eta Ordu nagusitzat hartu eta ospatu

behar dira.

b) Konpletak antola bitez, egunaren amaierari ongi egokitzeko eran.

c) Matutiak deritzon ordua, nahiz eta koruan gau-gorespen forma

gorde, egokitu bedi eguneko edozein ordutan errezatzeko eran eta salmo

gutxiago eta irakurgai luzeagoak dituela.

  1. Ken bedi lehen Ordua edo prima.

 

 

e) Gorde bitez koruan Ordu txikiak: goizerdikoa, eguerdikoa eta

arratsalde-erdikoa. Korutik kanpora, hiruretatik bat aukera daiteke,

eguneko garaiari ondoen dagokiona.

90 Orduen Liturgia, gainera, Elizaren ageriko otoitza denez gero, debozio-

iturri eta bakarkako otoitzaren janari da. Horregatik, aholku

ematen zaie Jaunaren izenean apaizei eta Orduen Liturgian esku hartzen

duten guztiei, errezatzean, beren gogoa ahotsarekin bat eginik izan

dezatela; hori hobeki erdiesteko, liturgian eta Biblian eskola aberatsagoa

lor bezate, batez ere salmoei dagokienean.

Berritze-lana egitean, egokitu bedi Erromako Orduen Liturgiaren

antzinako altxorra, egiteko hori eman zaienek hartaz hobeki eta errazago

goza ahal dezaten.

91 Orduen joana, 89. artikuluan esaten denez, egiaz bete dadin, salmoak

ez dira banatuko astebetean zehar, epealdi luzeagoan baizik.

Lehenbailehen burutu bedi zorionez hasia den salmoen eraberritzea,

eliz latina, liturgiako erabilera, kantua barne dela, eta Eliza latindarraren

tradizio osoa kontuan harturik.

92 Irakurgaiei dagokienez, gorde bitez ondorengo hauek:

a) Eratu bedi Eskritura Santuaren irakurketa, Jainkoaren hitzaren

altxorrak errazago eta hobeki jasotzeko eran.

b) Hobeki hauta bitez Eliz Guraso, irakasle eta idazleen idazkietatik

hartuko diren irakurgaiak.

c) Itzul bitez historiaren harira Santuen nekaldi eta bizitzak.

93 Itzul bekie gorazarreei, komeni bada, beren hasierako forma, mitologia

kutsua izan lezakeena edota kristau-debozioarekin hain ongi ez datorrena

kenduz nahiz aldatuz. Berreskura bitez, komeni denean, gorazarreen

sortan dauden beste batzuk ere.

94 Asko laguntzen du, bai eguna egiaz santutzeko eta bai Orduak eurak

onura espiritualez errezatzeko, Orduen Liturgia egiterakoan, Ordu

Kanoniko bakoitza gutxi gorabehera bere berezko garaian egiteak.

95 Korura beharturik dauden komunitateak, komentu-mezaz gain,

Orduen Liturgia egunero koruan egitera behartuak daude era honetara:

a) Orduen Liturgia osoa egitera, kalonje eta lekaide-lekaimeen komunitateak

eta zuzenbide kanonikoz edo konstituzioez korura behartuak

dauden gainerako erregeladunak.

b) Katedraletako eta kolegiatetako kapituluak, lege orokorrak

nahiz bereziak agintzen dizkien Orduen Liturgiako zatiak.

 

 

 

c) Ordena nagusiak hartuta dauden edota profesa nagusia egina

duten komunitateetako kide guztiek, ez-koruko anaiek izan ezik, bakarka

erreza bitzate koruan errezatu ez dituzten Orduak.

96 Korura behartuak ez dauden elizgizonak, ordena nagusiak hartuta

badaude, elkarrekin nahiz bakarrean, Orduen Liturgia osoa egunero

errezatzera behartuak daude, 89. artikuluaren arabera.

97 Errubrikek zehaztu behar dute, Orduen Liturgia noiz truka daitekeen,

beharrik, liturgi ekintzarekin.

Kasu partikularretan, eta bidezko denean, Ordinarioek ken diezaiekete

beren agindupekoei Orduen Liturgia errezatzeko eginbeharra,

osorik edo zati batez, baita beste eginbehar batekin trukatu ere.

98 Perfekzio-egoerako edozein institutuko kideek, konstituzioen arabera

Orduen Liturgiako zatiren bat errezatzen dutenek, Elizaren ageriko

otoitza egiten dute.

Era berean, konstituzioen agindura Ofizio laburren bat errezatzen

badute ere, Elizaren ageriko otoitza egiten dute, Ofizio hura Orduen

Liturgiaren erara taxutua eta behar den bezala onartua denean.

99 Orduen Liturgia Elizaren, hau da, Jainkoa agerian goresten duen

Gorputz mistiko osoaren mintzoa izanik, aholku ematen zaie korura

behartuta ez dauden elizgizonei, eta batez ere elkarrekin bizi diren edota

batzarturik dauden apaizei, erreza dezatela Orduen Liturgiaren zatiren

bat elkarrekin.

Orduen Liturgia koruan nahiz elkarrekin errezatzen duten guztiek,

eman zaien egitekoa duintasunik handienaz bete bezate, bai barneko

debozioari dagokionez eta bai kanpoko jarrerari dagokionez.

Ongi legoke, gainera, uneak hala eskatzen duenean, Orduen Liturgia

koruan eta elkarrekin kantatzea.

100 Saia bitez fededunen artzainak, igande eta festaburuetan Ordu nagusiak,

batez ere bezperak, elizan ospa daitezen elkarrekin. Laikoek ere,

bai apaizekin batera, bai eurek elkarrekin edo baita bakarrean ere, Orduen

Liturgia erreza dezatela gomendatzen da.

101 § 1. Mendez mende datorren latinezko errituaren tradizioari jarraituz,

elizgizonek gorde bezate latina Orduen Liturgian; hala ere, Ordinarioak

herri-hizkuntzako itzulpena erabiitzeko baimena emateko eskubidea

du, 36. artikuluaren arabera, eta kasu bakoitzean, Orduen Liturgia

behar denez errezatzeko latina eragozgarri zaien apaizei.

 

§ 2. Legezko nagusiak eman diezaieke lekaimeei eta perfekzio-egoerako

institutuetako kideei, elizgizon ez diren gizonezkoei nahiz emakumezkoei,

Orduen Liturgian herri-hizkuntza erabiltzeko baimena, koruan

egiten denean ere bai, itzulpena onartua bada.

§ 3. Orduen Liturgiara behartua den edozein elizgizonek, fededun

talde batekin edo 2. §an aipatu direnekin, betetzen du bere eginbeharra

herri-hizkuntzan egin dezanean, itzulpena onartua bada.

V. KAPITULUA

Liturgi urtea

102 Eliza Ama santuak bere eginkizuntzat du, bere jainkozko Senarraren

salbamen-egintza, urtean zeharreko egun jakinetan, oroipen santuz,

ospatzea. Astero, «Jaunarena» deitu zion egunean, Jaunaren piztueraren

oroipena egiten du; eta urtean behin, Pazko festaburu nagusian ere ospatzen

du hori, haren nekaldi santuarekin batera.

Gainera, Kristoren misterio osoa agertzen du urtean zeharreko zikloan,

Gizakunde eta Jaiotzatik hasi eta Igokunde, Mendekoste eta itxaropen

dohatsuaren zain egote eta Jaunaren etorrera arte.

Erospeneko misterioak honela oroitzean, bere Jaunaren bertuteen

ondasunak eta irabaziak irekitzen dizkie fededunei, nolabait aurrera

ekarriz beti, berengana ditzaten eta salbamen-graziaz bete daitezen.

103 Kristoren misterioen urteroko ziklo hau ospatzean, Eliza santuak

maitasun bereziaz gurtzen du Jainkoaren Ama Maria Dohatsua, bere

Semearen salbamen-egintzarekin ezin askatuzko lotura duena; harengan

miresten eta goratzen du berrerospeneko fruitu bikaina eta poz-pozik

begiesten, irudi garbi-garbian bezala, berberak oso-osoan irrikatzen eta

izan nahi lukeena.

104 Elizak, gainera, martirien eta gainerako santuen oroipenak sartu

zituen urteko zikloan; haiek, Jainkoaren askotariko graziaren bidez perfekziora

eramanak izanik eta dagoeneko betiko salbamena lorturik, zeruetan

Jainkoaren gorespenik bikainena kantatzen dute eta gure alde

erregutzen. Santuen heriotza oroitzean, Elizak, Kristorekin batera nekeak

eraman eta Berarekin batera goratuak izan diren haiengan pazko-

misterioa aldarrikatzen du; fededunei haien ereduak jartzen dizkie

aurrean, Kristoren bidez Aitarengana guztiak erakartzeko, eta haien irabaziei

esker, Jainkoari ondasunak eskatzen dizkio.

 

105 Azkenez, urteko garai batzuetan, ohiko doktrinaren arabera, Elizak

fededunen eskolatzea osatzen du arima eta gorputzeko deboziozko jardueren

bidez, irakaskuntza, otoitza, penitentzia eta errukizko egintzen bidez.

Hori dela eta, Kontzilio santuak gogoko izan du ondorengo hauek

ezartzea:

106 Elizak, Kristoren piztuera egun berean sortzen den tradizio apostolikoaz

geroztik, zortzi egunerik behin ospatzen du pazko-misterioa, bidezko

denez, Jaunaren eguna edo igandea deritzon egunean. Egun horretan,

bada, fededunek elkarrekin bildu behar dute, Jainkoaren hitza entzunez

eta Eukaristian esku hartuz, Jesus Jaunaren nekaldia, piztuera eta aintzaldia

oroitzeko eta Jainkoari eskerrak emateko, «bizi berrira birsortu baititu, Jesu

Kristo hilen artetik piztuz» (1 P 1,3). Horregatik, igandea, fededunen deboziorako

aurkeztu eta haien gogoan ongi sartu behar den jaiegun nagusia

da; alaitasun eguna ere izan behar du eta lanik egiten ez den eguna. Honen

gainetik ez bedi jarri beste festabururik, egiaz garrantzi handi-handikoak

izan ezik, igandea liturgi urte osoaren oinarri eta gunea delako.

107 Berrikus bedi liturgi urtea, garai santuei buruzko usadio eta tradiziozko

irakatsiak gorderik edo berriturik, oraingo baldintzen arabera, lehenengo

izaera gorde dadin, kristau-berrerospeneko misterioen ospakizunean,

batez ere pazko-misterioaren ospakizunean, fededunen debozioa

behar denez janaritu ahal izateko. Egokitzeak egin behar badira, egin

bitez lekua kontuan izanik eta 39. eta 40. artikuluen arabera.

108 Eraman bedi fededunen gogoa batez ere Jaunaren jaiegunetara,

haietan ospatzen baitira urtean zehar salbamen-misterioak. Beraz, liturgi

aldi bereziak izan beza bere toki egokia santuen jaiegunen gainetik,

salbamen-misterioen ziklo osoa behar denez oroitu ahal izateko.

109 Garizumak, fededunak, Jainkoaren hitza entzutera eta otoitz egitera biziki

eramanez, pazko-misterioa ospatzeko prestatzen dituenez gero, batez ere

bataioaren oroipenaz edo prestaeraz eta penitentziaz, argi utz bedi Garizumaren

izaera bikoitz hori, bai liturgian eta bai liturgi katekesian. Horregatik:

a) Erabil bitez ugariago Garizumako liturgiak bere-bereak dituen

bataioari buruzko gaiak, komeni bada, lehengo tradizioko zenbait gai

berriro ezarriz.

b) Beste horrenbeste esan behar da penitentzi gaiez. Katekesiari

dagokionez, irakats bekie fededunei, bekatuaren ondorio sozialekin batera

penitentziaren izaera bera, bekatua gorrotatzera baitarama Jainkoa

iraintzea den aldetik; ez bedi ahaztu Elizaren esku-hartzea penitentzi

ekintzan eta biziki aholka bedi bekatarien aldeko otoitza.

 

 

110 Garizumako penitentziak ez du barnekoa eta norberarena soilik

izan behar, baita agerikoa eta elkartekoa ere. Indartu bedi penitentzi jarduera,

oraingo garaiak, herrialde bakoitzeko ahalbideak eta fededunen

egoera kontuan izanik; gomendio hori egin bezate 22. artikuluan aipaturiko

eliz agintariek.

Hala ere, sakratutzat har bedi pazko-baraua, Jaunaren Nekaldi eta

Heriotzako Ostiral Santuz leku guztietan egingo dena, eta, komeni izanez

gero, Larunbat Santua arte luza daitekeena, horrela, bihotz jaiki eta

zabalez Piztuera-igandeko bozkariora iritsi ahal izateko.

111 Elizak, tradizioari jarraituz, santuak gurtzen ditu, eta haien irudi

eta egiazko erlikiak ohoratzen. Santuen jaiek Kristok bere zerbitzariengan

egindako egintza miragarriak iragartzen dituzte, eta fededunei imitagarri

diren eredu onak jartzen dizkiete aurrean.

Santuen jaiak salbamen-misterioa bera oroitarazten duten jaien

gainetik ez jartzearren, haietariko asko, lekuan lekuko Eliza, nazio edo

familia erlijiosoen ospakizunerako utziko dira, egiaz garrantzi handihandia

duten santuen jaiak soilik Eliza osora zabalduz.

VI. KAPITULUA

Eliz musika

112 Eliza unibertsalaren musika-tradizioa altxor guztiz preziatua da,

gainerako arte adierazpen guztien gainetik dagoena, batez ere kantu

erlijiosoa, hitzekin batera, liturgia ospetsuaren osagai beharrezko eta

bere-berea delako.

Izan ere, eliz kantuak goretsiak izan dira bai Eskritura Santuaren

aldetik42, bai Eliz Guraso santuen eta Erromako gotzainen aldetik;

hauek, San Pio X.arengandik hasita, zehatz-mehatz azaldu dute eliz musikak

Jaunaren zerbitzurako duen eginkizuna.

Horregatik, eliz musika, liturgi egintzatik zenbat eta hurbilago egon,

bai otoitza gozoago adieraziz, edo gogo bateko izatea bultzatuz, bai ohikune

santuak ospe handiagoz jantziz, hainbat santuago izango da. Elizak,

 

 

 

 

gainera, egiazko arte mota guztiak onartzen ditu eta leku egiten die

jainkozko gurtzan, beharrezko dohainez jantziak izanez gero.

Beraz, Kontzilio santuak, eliz tradizio eta diziplinako arau eta

aginduak gordez, eta eliz musikaren helburua kontuan izanik, hau da,

Jainkoa gorestea eta fededunak santutzea, ondorengo hauek ezartzen

ditu:

113 Liturgi egintzak forma bikainagoa hartzen du, elizkizunak handikiro,

kantuz, ministro sakratuak bertan direla eta herriak biziki esku

hartzen duela ospatzen direnean.

Erabili behar den hizkuntzari dagokionez, bete bitez 36. artikuluko

arauak; mezari buruz, 54. artikulua; Orduen Liturgiari buruz,

101. artikulua.

114 Gorde eta landu bedi ardurarik handienaz eliz musikaren altxorra.

Indarberritu bitez abesbatzak, bereziki katedraletan; egin bezate ahalegina

apezpikuek eta gainerako eliz artzainek, kantuz egiten den edozein

elizkizunetan, kristau-elkarteak berari dagokion esku-hartzea izan dezan,

28. eta 30. artikuluen arabera.

115 Garrantzi handia emango zaie musikaren irakaskuntza eta praktikari

seminarioetan, gizonezko nahiz emakumezkoen nobiziatu eta ikastetxeetan,

baita gainerako institutu eta ikastetxe katolikoetan ere. Eskola

hauek eman ahal izateko, presta bitez tentuz eliz musika irakatsi

behar duten irakasleak.

Gainera, komeni bada, eliz musikaren goi-mailako institutuak sortzea

gomendatzen da.

Benetako formazio liturgikoa eman bekie musikagile eta kantariei,

batez ere haurrei.

116 Elizak, kantu gregorianoa, liturgia erromatarrak bere-berea duen

musikatzat du; horregatik, berdinean, lehen tokia eman behar zaio elizkizunetan.

Beste musika-motak, batez ere polifonia, ez dira baztertuko inola

ere Orduen Liturgia ospatzean, liturgi egintzaren izaerarekin erara badatoz,

30. artikuluaren arabera.

117 Osa bedi kantu gregorianoko liburuen ereduzko argitalpena; are

gehiago: presta bedi San Pio X.aren erreformaz geroztik argitaratuak diren

liburuen edizio kritikoagoa.

Presta bitez eliza txikiagoentzat, eduki errazagoak dituzten argitalpenak

ere.

 

 

 

118 Indarra eman bekio ahaleginez herri-kanta erlijiosoari, egintza deboziozko

eta santuetan, baita liturgi ospakizunetan euretan ere, kristauen

ahotsak entzun ahal daitezen errubriken arabera eta agindura.

119 Lurralde batzuetan, batez ere misioetan, beren musika-tradizioa

duten herriak bizi dira; musika-tradizio hori haien bizitza erlijioso eta

sozialerako garrantzi handikoa izanik, behar den estimua eta dagokion

tokia eman behar zaio, bai haien erlijio-zentzua moldatzean eta baita

kultua haien berariazko izaerara egokitzean ere, 39. eta 40. artikuluei

jarraituz.

Beraz, misiolariei musika-eskolak ematean, gogoz saia bitez, ahal

den neurrian, herri horien musika tradizionala bultzatzen, bai eskoletan

eta bai elizkizunetan.

120 Aspaldiko musika-tresna den aldetik, estimu handitan izan bedi

Eliza latindarrean hodidun organoa, haren soinuak edertasun harrigarria

gehi baitiezaieke Elizaren zeremoniei, gogoak biziki Jainkoaganantz

eta zerukoetarantz jasoz.

Jainkoa gurtzean beste musika-tresna batzuk ere onar daitezke lekuko

eliz agintari eskudunaren iritzira eta beraren baimenarekin, 22. artikuluko

2. §aren eta 37. eta 40. artikuluen arabera; betiere, elizkizunetarako

egokiak edo hartara moldatzekoak, elizaren duintasunarekin

erara datozenak eta fededunen debozioari laguntzekoak izanez gero.

121 Musikagileak, kristau-senak barnea harturik, kontura bitez eliz

musika lantzera eta haren sorta ugaritzera deituak direla.

Egin bitzate, egiaz, eliz musikarako egokiak diren doinuak; ez

abesbatza handientzat soilik, baita abestalde txikiek kantatzekoak eta fededunen

batzar osoaren esku-hartzea eragingo dutenak ere.

Eliz kanturako diren hitzek bat etorri behar dute doktrina katolikoarekin;

are gehiago: batez ere Liburu Santuetatik eta liturgiaren iturrietatik

hartuak izan behar dute.

VII. KAPITULUA

Artea eta gauza sakratuak

122 Giza sormenaren ekintzarik nobleenen artean, arrazoi osoz, arte

ederrak daude, bereziki arte erlijiosoa eta honen gailurra den arte sakratua.

Hauek, berezko izaeraz, Jainkoaren edertasun neurrigabearekin

dute zerikusia, horixe baita giza lanetan nolabait adierazi nahi dena. Eta

beren obren bidez gizakien arimak debozioz Jainkoaganantz bideratzea

baino beste asmorik ez duten neurrian, Jainkoari hobeki emanik izango

dira eta gehiago egingo dute haren gorespen eta aintzarako.

Horregatik, Eliza Ama santua arte ederren aldekoa izan da beti;

hauen zerbitzu noblea bilatu du etengabe, eta artistak eskolatu ditu, batez

ere, kulturako diren gauzak benetan bikainak, era onekoak eta ederrak

izan daitezen, zeruko izakien ezaugarri eta irudi. Areago oraindik: Elizak

haien epaile egin du bere burua, artisten lanen artean erabakiz, zein

diren fede, debozio eta erlijio-lege tradizionalekin bat datozenak eta erabilpen

sakraturako egokitzat jo daitezkeenak.

Elizak ardura berezia izan du, gauza sakratuak kultuaren itxura

onerako bide duin eta eder izan daitezen; horrela, onartu egin ditu, urteen

joan-etorrian gai, forma eta apainduretan teknikaren aurrerapenak

ekarri dituen aldakuntzak.

Beraz, Kontzilioko Gurasoek ondoren datorrena erabaki dute gai

honetaz:

123 Elizak ez du inolako arte-estilorik hartu beretzakotzat; herrien

izaera, baldintza eta errituen premien arabera, garaian-garaian sortu

diren estiloak onartu ditu, ordea, ardura handiz gorde behar den

arte-altxorra bilduz mendez mende. Landu dadila askatasunez gaurko

artea eta edozein herri nahiz lurraldetakoa Elizan, tenplu eta ohikune

santuei behar den begirunez eta ohorez laguntzen badie behintzat;

horrela, hainbat pertsona goragarrik fede katolikoari, aurreko mendeetan,

kantatu zioten kontzertu harrigarriarekin bere ahotsa bat

egingo du.

124 Ordinarioek, benetako arte sakratua eragin eta bultzatzean, egin

bezate ahalegina edertasun noblea bilatzen, arranditasun hutsa baino

gehiago. Honek berdin balio du eliz jantzi eta ornamentuentzat ere.

Apezpikuek bazter bitzate eliza eta gainerako toki sakratuetatik,

tentu handiz, fede eta ohituren eta kristau-debozioaren aurka egon daitezkeen

artelanak eta benetako zentzu erlijiosoari min eman diezaioketenak,

bai forma desgisakoengatik, bai arte aldetik urria, hala-holakoa

eta faltsua izateagatik.

Elizak eraikitzean ardura handia jar bedi, elizkizunak jarraitzeko

eta fededunen esku-hartze bizia lortzeko egokiak izan daitezen.

125 Eutsi bekio tinko, elizetan fededunen deboziorako, irudi sakratuak

jartzeko usadioari; hala ere, neurritasunez jar bitez eta ordena egokian,

 

kristau-herriari nabarmen gerta ez dakizkion eta hain zuzena ez den deboziora

eraman ez dezan.

126 Arte-lanei buruz iritzia ematean, Lekuko Ordinarioek, entzun biezaiote

elizbarrutiko arte sakratuko batzordeari eta, hala behar balitz, oso adituak

diren beste batzuei eta 44., 45. eta 46. artikuluetan aipaturiko batzordeei.

Ordinarioek kontu handia izan bezate, gauza sakratuak edo artelan

baliotsuak, Jainkoaren etxearen edergarri direnez gero, sal edo gal ez

daitezen.

127 Apezpikuek, nahiz beren buruz nahiz apaiz adituen bidez, horretan

jantziak eta arte zaleak direnen bidez, arduraz har bitzate artistak,

beraiengan arte sakraturako eta liturgia santurako gogoa pizteko.

Gainera, ongi dirudien herrialdeetan, artistak formatzeko arte sakratuko

eskolak edo akademiak sortzea gomendatzen da.

Beren senak eraginda, Eliza santuan Jainkoaren aintzarako lan egin

nahi duten artistek, gogora bezate beti, beraien lana Jainko Kreatzailearen

nolabaiteko imitazioa dela eta beraien arte-lanak kultu katolikorako, fededunak

onbideratzeko edo deboziorako eta hauek erlijio-gaietan eskolatzeko

direla.

128 25. artikuluari jarraituz, berrikus bitez albait lasterren, kultu sakraturako

diren kanpoaldeko gauzen eratzeari buruzko kanonak eta eliz

arauak, batez ere liturgi liburuez gain, ondorengo hauetaz ari direnak:

elizen eraikuntza duin eta egokiaz, aldareen itxura eta eraikuntzaz, sagrarioaren

gurentasun, ezartzeko era eta segurtasunaz, bataiarriaren egokitasun

eta duintasunaz, irudi santuen kokapen egokiaz, dekorazio eta

apainketaz. Zuzendu edo ken bedi liturgia eraberrituarekin bat ez datorren

oro; beronekin ongi datorrena, berriz, gorde edo sar bedi.

Puntu honetan, elizako gauzen eta jantzien gai eta itxurari dagokienez

batez ere, apezpikuen lurraJdeetako batzarrek dute eskubidea, haiek

tokian tokiko beharretara egokitzeko, Konstituzio honetako 22. artikuluak

agintzen duenez.

129 Elizgizonei, filosofia eta teologiako ikasketak egiten ari direnean,

arte sakratuaren historia eta bilakaera ere irakatsi behar zaizkie, baita arte

sakratuko lanek izan behar dituzten oinarrizko printzipio sanoak ere, Elizaren

monumentu beneragarriak estimu handitan izan eta gorde ditzaten,

eta artistei beren lanak egitean aholku onak emateko gai izan daitezen.

130 Gotzain-ezaugarriak apezpiku diren elizgizonek edota beste jurisdikzio

bereziren bat dutenek bakarrik erabiltzea komeni da.

 

 

ERANSKINA

Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoaren aitorpena,

egutegia berrikusteari buruz

Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoak, Pazko-jaia igande jakin

batean finkatzea eta egutegia zehaztea dela-eta askok agertutako gogoa

garrantzi handikotzat joz, egutegi berria sartzeak ekar ditzakeen ondorioak

tentu handiz azterturik, aitortzen du:

1. Kontzilio santua ez dago, Egutegi Gregorianoan, Pazko-jaiari jakineko

igande bat ezartzearen aurka, horretan zerikusia dutenek, batez

ere Aulki Apostolikoaren elkartasunetik banatutako senideek, baietza

emango balute behintzat.

2. Gainera, adierazten du Kontzilio santuak, gizarte zibilean betiko

egutegi bat sartzekotan ari direnen ekinbideen aurka ez dagoela.

Eliza ez dago betiko egutegi bat ezarri eta gizarte zibilean sartzeko

lanean ari diren era bateko nahiz besteko sistemen aurka, baldin eta zazpi

eguneko astea igandearekin zaintzen eta gordetzen bada eta astetik at

egun bat ere gehitzen ez bada, asteak bata bestearen jarraian gertatzen

direla; baina arrazoi larri-larriak baleude horretarako, horiek Aulki

Apostolikoaren iritzira uzten dira.

Konstituzio honetan erabakitako gauza guztiek eta bakoitzak Kontzilio

santuko Gurasoen oniritzia izan dute. Eta Guk, Kristorengandik jaso

dugun ahalmen apostolikoaz, Guraso agurgarriekin batera, onesten, dekretatzen

eta ezartzen ditugu Espiritu Santuarengan; eta orobat agintzen,

batzarrean hala erabaki izan dena aldarrikatua izan dadila Jainkoaren

aintzarako.

Erroman, San Pedrorenean, 1963ko abenduaren 4an.

Nik, PAULOK, Eliza Katolikoaren Apezpikuak.

Eraman gaitzazu zure sare sozialera: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • Meneame
  • LinkedIn
  • Technorati
  • Digg
  • del.icio.us
  • Wikio
  • YahooBuzz

Related posts:

Dei Verbum dokumentua euskaraz.
Liturgiarako abestirik ezagunenak
Eleizbarrutian euskera zerbitzua martxan
º

Galderarik bai? Ez izan beldurrik eta galdetu.

Ez izan beldurrik eta galdetu. Guztion artean saiatuko gara erantzunen bat aurkitzen.

Zure alde otoitz eginen dugu!

Beharren bat izanez gero hemen zure alde otoitz eginen dugu. Twitter, facebook edo emailen bidez zure eskaera bidali eta sare sozial honetan zure alde erregutuko dugu.
Bibliaren hilabetea bukatzeko
falta da

Elizaren berri onak

Jarraitu Erlijioabizi

Bookmark and Share

Irratiak

Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Jn 15,15