//
irakurtzen ari zara....

Berriak

Juan Carlos Mujikari elkarrizketa Opus Deiren Euskal Herriko komunikazio arduraduna.

Argian oso interesgarria den elkarrizketa hau irakurri dugu:  Osoa irakurri nahi izanez gero hemen sakatu.

Hemen aipu batzuk besterik ez ditugu esanen.

 

Juan Carlos Mujika. (Arg: Dani Blanco) argia.com tik hartua.

 

Administrazioan urte luzetan aritu zara lanean, non zehazki?

Arabako Foru Aldundiko Ogasun sailan hasi nintzen. Gero, 95ean, kargu publikoa izan nintzen: Kultura zuzendaria. Lau urte oso interesgarri izan ziren. Bukatu nuenean Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen saileko departamentu bateko zuzendaria izan nintzen Diputazioan eta beste lau urte gehiago eman nituen Eusko Jaurlairtzan, Xabin Intxaurragarekin Ingurumen sailean. Politikan ere aritu nintzen EA alderdiarekin.

 

Zergatik utzi zenuen hori guztia Opusen lanean hasteko?

Iritsi zen momentu bat non aldaketa behar nuen. Urte asko neraman administrazioan lan egiten eta salto bat ematea egoki ikusten nuen. Buruak beste zerbait eskatzen zidan. Denboralditxo batez kanpora ateratzeko gogoa ere banuen. Garai hartan, bi urte lehenago,  proposatu zidaten Opuseko Euskal Herriko Komunikazio bulegoa martxan jartzea. Aldatzeko gogoa neukanez eta gauza desberdina zenez, onartu egin nuen. Sekulako zortea izan nuen. Zortzi hilabete sabatiko hartu eta Ipar Amerikara joan nintzen. Sei hilabete izan nintzen Toronton eta beste bi Estatu Batuetan, Opusen hango bulegoetan nola lan egiten duten ikusten.

 

Seguru askotan egin dizkizuten galderak direla: Opusen zergatik, noiz eta nola sartu zinen?

Bai, askotan galdetzen didate, noski, baina normala da. Azken finean, Opusekin gertatzen da Elizaren barruan nahiko fenomeno berria dela eta morboa sortzen duela. Gaztetan ni oso mutil normala nintzen. Garai hartan gehienok bizi ginen gizarte giro kristauan. Bizitzan denok inoiz izan dugun krisialdi batean sartzen hasi nintzen ikasle garaian eta Opusen bitartez kristautasuna zer zen ulertu nuen. Kristau izateko era desberdin bat ezagutu nuen han. 18 urterekin sartu nintzen behin-behinean eta bost urte geroago behin betiko, inkorporazioa normalean bost urtetan egiten baita. Numerarioa egin nintzen.

 

Zer da Opusekoa izatea?

Benetako kristautasuna zure bizitzan sartu eta bizi proiektu bihurtzea. Horrek argitasuna eman zidan nire bizitzaren zentzua ulertzeko. Lehengo egunean Pedro Almodovarri esaldi hau irakurri nion: “Idatzi eta filmak egiten ditut nire bizitzaren hutsunea betetzeko”. Hutsune hori betetzea da bizitzan norberak duen erronka nagusia. Batzuk ez dira oso kontziente bizimolde azkarrean sartzen direlako, edo pentsatu nahi ez dutelako, baina gero bizitzak kolpeak ematen dizkizunean nolabaiteko euskarriak behar dituzu aurrera jarraitzeko.

 

Zuen webgunea irakurrita, zu ezagututa… ematen du GKE bati buruz edo Elizaren oinarrizko mugimendu herritar bati buruz ari garela, baina bestaldetik Opusez dugun irudia askoz ere negatiboagoa da. Zer gertatzen da hor?

Hasi nintzenean pentsatu nuen komunikazio lan honi hasiera emateko lehenbiziko urratsa zela jakitea jendeak zer pentsatzen duen gutaz. Arlo ugaritako 500 pertsonarekin hitz egin nuen. Elkarrizketa horiek guztiak egin ondoren ikusi nuen errespetatu bai, baina ez gaituztela maite. Eta hori neurri handi batean gure errua izan da. Guri Eliza osoari gertatzen zaiona gertatzen zaigu, zaku berean gaude. Urte askotan egurra eman digute eta horren ondorioz ateratzeko beldur izan gara, baina garai horiek pasa dira eta orain jarrera jatorragoa erakutsi behar dugu, herrikoiagoa. Zer egiten dugun erakutsi eta geure burua ezagutzera eman behar dugu.

 

Komunitate eraginkorra zarete Elizaren egituran?

Eraginkorra? 4.500 apezpiku daude eta horietatik soilik 23 dira Opusekoak. %0,1 besterik ez. Vatikanon ari direnen artean ere %0,1 da Opusekoa. Egia da oso postu garrantzitsuetan kokatu izan direla, baina orain, adibidez, Federico Lombardi jesuita da Vatikanoko bozeramailea, Opuseko Navarro Valls ordezkatzera etorri zena, eta inork ez du esaten “zer nolako boterea duten jesuitek!”. Nik ez dut horrenbesteko pisurik ikusten.

 

Baina Opusi buruz hitz egitea erlijioz harago doazen kontu askotaz hitz egitea ere bada, ezta? Dirua, politika… Opus beti agertzen da diruarekin eta eskuinarekin harremanetan.

Hori egia izango balitz, hori ikusi izan banu, ni ez nintzateke Opusekoa izango. Gauzak ez dira zuriak edo beltzak. Opusek egin zuen bere lehen obra korporatiboa Bizkaian izan zen, 1951n: Gaztelueta ikastetxea. Gerra hasi aurretik Escrivá de Balaguer Madrilen zegoen eta han Opusek ikasleentzako erresidentzia bat zeukan. Hara ikastera joateko aukera dirudunek soilik zuten. Bilbotik joandako batzuk ziren gero hemengo kolegioa  zabaldu zutenak. Haien inguruko jendea, Negurikoak, joaten ziren hara eta horregatik gizartearen sektore eta giro horrekin lotua dago. Baina Bilbo edo Euskal Herria askoz ere handiagoa da eta guk eskaintzen dugun produktua jende guztiarentzako da, ez soilik haientzat, dirudunentzat. Zerotik hasiko bagina oso modu desberdinean egingo nuke: proiektu bat, balore batzuetan oinarritua, baina jende guztiarentzat. Baina ez gara hasiberriak eta hau dena aldatzeko sekulako lana egin behar da.

 

Numerarioa zara. Zer esan nahi du horrek?

%80 supernumerarioak dira, familiak osatu ditzakete. Hori da estandarra. Eta gero gaude arraroagoak garenok: numerarioak. Espiritu berean, baina disponibilitate osoa dugu lanetik kanpo formazioa emateko supernumerarioei, beste lurralde batzuetara joateko edo lan zehatzak egiteko. Beti ere modu boluntarioan, ez aginduta.

 

Eta gogorra da zelibatoari eustea?

Ni gaztetan, Basakabin nengoenean, lagunekin diskotekara joaten nintzen. Mutil normal-normala. Badakit kanpotik ikusita zaila dela ulertzea, baina kristautasuna zure bizitzan sartu eta zure proiektu bihurtzen denean, horrek esan nahi du zure barne bizitza sustatu egiten duzula eta azkenean nolabaiteko harreman pertsonala ezartzen duzula Jaungoikoarekin. Harreman horretan ikusten duzu berak osorik berari eskainitako pertsonak behar dituela. Eta egoera honek askatasuna ematen dizu jende guztiarekin egoteko. Jokamolderik koherenteena iruditzen zait. Zelibato hitza niri ez zait batere gustatzen. Ematen du ez dakit non galdutako monasterioko zerbait izugarria. Dena den egoerak, pertsonak, harremanak… ez dira berdin ikusten 20 edo 50 urterekin.

 

Zilizioak (sexu tentaldiei aurre egiteko gorputzean ezartzen den eta mina egiten duen tresna) eta halako zigorrak maiz erabiltzen dira?

Mortifikazioa deitzen zaio horri. Hala ere fundatzaileak dio benetako mortifikazioa eguneroko gauza txikietan dagoela. Adibidez, umore ona izatea lanetik etxera bueltan. “Mortifikaziorik onena batzuetan irribarre bat da”, esaten zuen. Borroka pertsonala da, nire izaera hobetzeko ahalegina, besteei bizitza errazagoa eta erosoagoa egiteko lehia. Hori da borrokarik zailena. Horrelako espiritua izateko gogor saiatu behar da eta izaeraren arabera borroka pertsonal hori modu batez edo bestez egingo duzu.

 

Aita Santu berria zer moduzkoa da?

Oso ona. Nik ikusi nuen bezain laster pentsatu nuen oso komunikatzaile ona dela. Bi hilabetetan buelta eman dio gauza askori. Benedictorekin pederastia, vatileaks, agirien lapurreta, mafiak… ageri ziren komunikabideetan bata bestearen jarraian. Honek buelta eman dio mezuaren ardatzari heldu diolako. Bere buruarekin oso zorrotza da eta oso koherentea. Ez du komunikazio aholkularirik, eta egia esan, inork aholkatu gabe oso ongi egiten ari da dena.

 

Opusentzat ona?

Oso ona. Primerakoa.

 

 

Nortasun agiria

Juan Carlos Mujika. Guraso leitzarrak, baina bera Donostian sortua 1956ko abuztuaren 11n, San Tiburtzio egunean. Jose Javier Múgica ETAk hil zuen zinegotzi leitzarraren iloba eta Alex Múgica sukaldari ospetsuaren anaia. “Ni familiako zakur berdea naiz: ostalaritzan ari ez den bakarra eta gainera Opusekoa”. 2006an zabaldu zuen Opus Dei prelaturako Euskal Herriko Komunikazio bulegoa.

Opus Deiko kideak

“Munduan 90.000 inguru dira, gehienak Europan. Ameriketan badira Mexikon, Perun, Argentinan, Txilen eta Kolonbian, nagusiki. AEBetan 3.000 izango dira eta Kanadan gehixeago. Europan oso banatuta daude. Azken urteotan Errusia, Eskandinavia edota Eslovenia aldera ari dira zabaltzen. Espainiako Estatuan 30.000 inguru daude. Euskal Herrian 4.500 gara. Asko, baina kontuan hartu behar dugu Nafarroako Unibertsitateak izan duen erakartze efektua”.

 

Ez dago modan

“Kristautasunaren balioa da Jaungoikoa zurekin doala beti. Ez zaude inoiz bakarrik. Eta hori da sustatu behar duzuna eta bizitzaren beste ikuspuntu bat ematen dizuna. Gero gainera, beste bizitza dago, hil ondorengoa, zer pagotxa, e? Dena den, jakin badakit orain kristaua izatea edo zarela esatea ez dagoela modan”.

 

Irudia

Ez du Opusekoa ematen: pertsona atsegina, irribarretsua, musikazalea, berritsua, mendizalea, euskalduna… baina bada, eta lan itzela du gizartean horren zabaldua dagoen Opusen irudi iluna argitzeko. Kanpora begira lan handia, baina etxe barruan ere egin beharrekoa ez dela makala aitortzen du Mujikak.

 

Opus Deiren webgunera joateko… hemen sakatu.

eta gogoratu: elkarrizketa osoa irakurtzeko… hemen sakatu.

Eraman gaitzazu zure sare sozialera: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • Meneame
  • LinkedIn
  • Technorati
  • Digg
  • del.icio.us
  • Wikio
  • YahooBuzz

Related posts:

Euskadiko Caritasen ustez, pobrezia gogortzen ari da.
200.000 pertsona baino gehiago kalean entzun zuten Bide Neokatekumenalaren Misio handia.
Agustin Hiponakoa gazteon eredu
º

Galderarik bai? Ez izan beldurrik eta galdetu.

Ez izan beldurrik eta galdetu. Guztion artean saiatuko gara erantzunen bat aurkitzen.

Zure alde otoitz eginen dugu!

Beharren bat izanez gero hemen zure alde otoitz eginen dugu. Twitter, facebook edo emailen bidez zure eskaera bidali eta sare sozial honetan zure alde erregutuko dugu.
Bibliaren hilabetea bukatzeko
falta da

Elizaren berri onak

Jarraitu Erlijioabizi

Bookmark and Share

Irratiak

Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Jn 15,15